Euskal zinemagintzeak 2022 urteari amaiera bikaina emon gura deutso Goya Sarietan
2023-02-10 12:34 ZinemeaCinco lobitos pelikuleak 11 izentapen ditu eta gaueko lanik sarituena izan daiteke.
Goya 2023 galeak euskal presentzia oparoa izango dau barriro be, Euskadiko ikus-entzunezkoen industriak eta bertako profesionalek azken urteotan bizi daben momentu bikainaren isla. Zapatuan, zezeilaren 11n, aukera ugari izango dira garaikurrak lortzeko, besteak beste, Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren Cinco lobitos izeneko opera primaren hamaika izentapenak kontutan hartuta. Paul Urkijo gasteiztarraren Irati filmak be aukerak ditu, bost izendapen baititu eta horreei Mikel Gurrea donostiarraren Suro filmaren izentapen bi gehitu behar jakez.
Interpretazinotik animazinora, euskal zinemearen indarra nabarmena da. Danetara, 28 kategoria dagoz eta horreetatik 21etan gitxienez euskal hautagaitza bat dago, bostetan bina hautagai eta beste batean, hiru.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazo dauenez, 2022. urtea sano garrantzitsua izan zan euskal zinemagintzan. Horren lehenengo zantzuak Donostiako Zinemaldian ikusi genduzan. Bertan sail ia guztietan hainbat euskal zinema produkzino ikusi genduzan. Beste jaialdi batzuetan be ikusi ditugu euskal produkzinoak. Urte oparoa izan da. Zupiria sailburuak ganeratu duenez, asteburu honetan Sevillan, Goya sarietan, 2022ak gurean egindako lanotarako izan dauen aparteko garrantzia ikusiko da sariotan. Hori da behintzat daukagun esperantzea. Goya sarietan atal eta sekzinoaskotan dagoz euskal ordezkariak eta suberterik onena opa deutsegu.
Oraindino sariak zeinek irabaziko dituen ez badakigu be, hain izentapen kopuru altua izateak berretsi egiten dau azken urteetan sortutako Loreak, Handia, El Hoyo, Akelarre, La trinchera infinita edota Maixabel lako euskal film handien kalidade maila altuari jarraipena emoten gabizela.
Cinco lobitos
Gure zinemearen aukera handienetako bat izango da, danetara 11 hautagaitza baititu filmak. Ganera, nabarmendu behar da sari entzutetsuenetako batzuk eskuratzeko aukerea dauela, besteak beste, Film Onenaren saria. Ruiz de Azúak berak Zuzendari Barri Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren sariak irabazi leikez. Akademiak filmeko lau aktoreek egindako interpretazino-lan bikaina be saritu nahi izan dau. Ramón Barea bilbotar aktore ospetsua lehen aldiz izentau dabe eta Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onenaren Saria eskuratzeko zain dago. Laia Costak, barriz, Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren Saria jasoteko aukerea izango dau; Mikel Bustamantek, Gizonezko Aktore Barri Onenarena eta Susi Sanchezek, barriz, Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenarena. Gainera, alderdi teknikoei jagokenez, Produkzino Zuzendaritza Onenaren (María José Díez), Muntai Onenaren (Andrés Gil), Soinu Onenaren (Asier González, Eva de la Fuente eta Roberto Fernández) eta Argazki Zuzendaritza Onenaren (Juan D. Domínguez) sarietarako hautagaitzak be jaso ditu filmak.
Bestalde, Paul Urkijoren bigarren filmak, Irati lanak, bost Goya eskuratu leikez: Jatorrizko Abesti Onena (Aránzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Paul Urkijo), Jatorrizko Musika Onena (Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi), Jantzi-diseinu Onena (Nerea Torrijos), Efektu Berezi Onenak (Jon Serrano eta David Heras) eta Gidoi Egokitu Onena (Paul Urkijo).
Era berean, beste debutari batek, Mikel Gurrea zuzendariak, izentapen bi ditu Suro opera primari esker. Zinemagile donostiarra, Alauda Ruiz de Azúa bezela, Zuzendari Barri Onenaren sarirako hautatu dabe eta, ganera, Vicky Luengo be Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren sailean nabarmendu dabe.
Aitamen berezia merezidu du euskal animazinoak, Animazinozko Film Onenaren bost izentapenetatik hiru jaso baititu Alberto Vazquezen Unicorn Wars, Fermin Muguruzaren Black Is Beltza II: Ainhoa eta Nuno Beatoren Los demonios de barro filmakaz. Era berean, Unicorn Wars pelikuleak Jatorrizko Abesti Onenaren saria be eskuratu leike Joseba Beristainen hautagaitzeari esker.
Interpretazinoaren atalean, Telmo Irureta gipuzkoarra Gizonezko Aktore Barri Onenaren sarietarako hautagai da eta Valeria Sorolla be Emakumezko Aktore Barri Onenaren sarirako izentau dabe Fernando Francoren La consagración de la primavera filmean egindako lanagaitik. Bestalde, Fernando Velázquez musikagilea Jatorrizko Musika Onenaren sarirako lehiatuko da, Los renglones torcidos de Dios lanagaitik. Gogoan izan behar da musikari getxotarrak 2017an sari hori irabazi ebala, Un monstruo viene a verme filmagaz.
Film laburrak
Hiru euskal film labur aukera handiak ditue saria irabazteko: Estíbaliz Urresola Solagurenen Cuerdas Fikzinozko Film Labur Onenaren sarirako hautagaia da. Sevillara helduko da, besteak beste, Cannesko Kritikearen Asteko Rails d'Or saria eta Forqué saria lortu ondoren. Bestalde, euskal animazinoa be egongo da film laburren artean, Pablo Polledriren Loop lanak Animazinoko Film Labur Onenaren sarirako jaso dauen izentapenagaz. Estaduko film laburrik sarituena da eta 125 aintzatespen baino gehiago jaso ditu, bai Estadu mailan bai nazinoartean be. Azkenik, Film Labur Dokumental Onenaren Goya eskuratzeko hautagaien artean Maldita. A love song to Sarajevo dago. Amaia Remirez eta Raúl de la Fuente zuzendarien lanak Fugaz 2022 Saria jaso eben kategoria berean.
Ibilbide aparta
Izentautako filmeek 2022an ibilbide aparta izan dabe, hainbat zinemaldi eta sari banaketatan saritu ditue gure ikus-entzunezko sektoreak eta profesionalek daben maila oparoa berretsiz.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreak bizi dauen momentu ona Donostiako Zinemaldia estaduko laugarren kultur ekimen nagusia izatean be islatzen da.
EITBk Goya sarietarako izentautako ikus-entzunezko produkzinoei emondako babesa be aitagarria da: Cinco Lobitos, Irati, Suro, Unicorn Wars, Black is beltza, La Consagración de la Primavera eta Cuerdas filmek EITBren parte hartzea dabe. EITBren helburua edukien berezko produkzinoa, barrukoa, alkartua edo mistoa, bultzatzea da ikus-entzunezkoen industriari bultzada ekonomikoa eta sortzailea emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!