'Black is Beltza' ardatz dauen animazino zinemaldia atondu dau SGAE Fundazinoak

Bizkaie! 2023-02-07 07:53   Zinemea

Black is Beltza II filmari esker 2023ko Goya Sarietan finalista da Irungo sortzailea.

SGAE Fundazinoak Animación y Compromiso lelopeko animazino zinemaldia atondu dau Madrilgo Berlanga Aretoan (Andrés Mellado, 53. Sarrerak: 3,50 euro. Txarteldegian eta entradas.com webgunean salgai) martiaren 14tik 18ra. Honakoa Fermin Muguruzaren Black is Beltza diptikoaren inguruko animazinoko hainbat lanen erakusketea da, akaso, gure azkenaldiko animazinoaren apusturik originalenetako bat. Berorren bigarren zatia (Black is Beltza II: Ainhoa) 2023ko Goya Sarietarako finalista dogu Animazinoko film onenaren kategorian.

Zinemaldiak Un día más con vida dokudramea eskainiko dau, Damian Nenow eta Raul de la Fuentek Angolako gatazkea jorratzen dabena, baita Salvador Solísen Buñuel en el laberinto de las aceitunas filma be, Fermín Solísek egindako komikia oinarri dauena; hor Espainako II. Errepublikan Luis Buñuelek filmautako Las Hurdes, tierra sin pan dokumentalari autorpena egiten jako.

Kontuak kontu, SGAE Fundazinoak Animazinoak zinemearen sorreratik bertatik bere horretan jarraitzen dauela erakutsi nahi dau, hau da, figurante anonimoen bizitzearen errealidadea islatzeko modu zehatz eta adierazkor legez, baita gaur egun be; eta, bide batez, animazinoa bere egiten dauen gizarteagaz konpromisoa dauen diziplina legez.

Entretenimendua jorratzen daben konpainia handiek inponiduten deuskuezan bersino gozoegietatik urrun, Black is Beltza seriean, Fermin Muguruzak Harkaitz Cano eta Jorge Aldereteren laguntzinoagaz sortutako eleberri grafikoa ardazt hartuta, erabateko ikuskizuna eskaintzen da. Tensino eta indar handiko gatazkak deskribiduten diran bitartean, hainbat erreferente plastiko eta musikal ikaragarriak buztartzen jakuz bertan, guzti-guztiak berez balioa bereganatuz.

Lehenengo bersinoan, Black is Beltza, Iruñeko feriatzaile batek (Manex) hirurogei hamarkadako New Yorken ikusten dau bere burua, arraza-arazoak, Gerra Hotzaren eferbeszentzia, aurrez aurre dagozan erregimen politikoen nondik norakoak eta abangoardiako sorkuntza artistikoak tarteko dirala, hippie mobimentuetatik pop arteko foro esklusiboetaraino.

Bigarren zatian, Black is Beltza II: Ainhoa, Manexen alabea, Bolivian jazarpenetik bizirik urten eta Kuban hezi edo edukautakoa doguna, Euskal Herrira dator berunezko urteen garaian. Indarkeria armatuak, drogak derrigortze-sistema lez eta bizitza-horizonterik ezak lako eragileek Mediterraneoan zehar eta Afganistanetik ikasketa traumatikoko bidaia batera eroaten dabe Ainhoa eta hor marjinazinoa, krimena, negozioak eta politika txanpon beraren alderdiak dirala deskubriduko dau. Bigarren bersino honegaz 2023ko Goya Sarietan finalista dogu Irungo sortzailea, hain zuzen be.

Bestalde, Damian Nenow eta Raul de la Fuenteren Un día más con vida dokudrameak, Ryszard Kapuscinki kazetari handiaren liburu autobiografiko enblematikoa hartzen dau ardatz. Bertan Angolak bere askatasunaren alde izandako lehia eta belaunaldi bitan suntsitutako gizarte baten ondorio beliko tragikoak kontetan dira, bai liburuan, baita filmean be.

Azkenik, Salvador Solísen Buñuel en el laberinto de las aceitunas filma be proiektauko dabe. Lan honek Fermín Solísek egindako komikia dau oinarri eta honek era berean, Espainako II. Errepublikan Luis Buñuelek egindako Las Hurdes, tierra sin pan dokumentala. Non edo han, arte zinematografikoak askatasunen aurreko eta egiaren aurreko mugetan zelan erreakzionetan dauen azpimarratu nahi izan eban Buñuelek salaketa-dokumental honetan eta horren bersino animatua da Simóren lanak agertzen duen saiakerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu