Maite Mutuberriak diseinautako kartelak iragarriko dau 62. Itzulia
2023-02-06 13:22 KirolaLiteratura Lanen Ilustrazino kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi eban Mutuberriak.
Bilboko Arte Eder Museoan aurkeztu dabe gaur Itzuliaren 62. Edizinoa iragarriko dauen kartela. Azken lau edizinoetan egin dan bezela lan literarioen ilustrazinoa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi dauen personeak diseinau dau Itzuliaren kartela. Aurten Maite Mutuberriaren lanak iragarriko dau txirrindularitza lasterketea. Mutuberriak Irrimola lanari esker irabazi eban Euskadi Literatura saria.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak, Julian Eraso Itzuliaren atontzailea dan OCETA-ko (Euskadiko Txirrindularitza Erakundea) presidenteak, Maite Mutuberria egileak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak parte hartu dabe Itzuliaren aurtengo kartelaren aurkezpenean. Itzulia Basque Country-ren 62. edizioa apirilaren 3tik 8ra egingo da. Vitoria-Gasteizen izango dau urtekerea eta sei etaparen ondoren Eibarren amaituko da.
Maite Mutuberriak berak azaldu dau kartelaren sormen prozesua: Bueltau, biratu, irauli. Itzuli berbearen adiera nabarienak irudikatzen ditu kartelak. Aldi berean, txirrindulariek lasterketan egiten daben ahalegin itzela islatu nahi izan dot. Sisiforen hatxa bailitzan, txirrindulariek bizikletea tontorrera bultzatzen dabe, barriro be haranera bajatuteko, etenik bako itzulinguruan. Diseinuari jagokonez, Itzuliak berezko dituan koloreak erabili ditu ohiko berde, gorri eta zuriak biziagotuz, lasterketa egunetan gure inguruetan bizi dan giro alaia iradokitzeko. Kolore horreei begira, maillotaren hori deigarria gehitu deutset. Maite Mutuberriak azaldu dauenez, lana egiteko XX. mende hasieran sartu naiz, Itzuliaren sorrerearen garaian. Orduko euskal margolarien lanak arretaz eta plazerrez begiratu ditut, tradizinoa irudikatzeko eben modu, tonu eta forma estilizatuetatik zeozer ikasi guran.
Zupiria sailburuak azaldu dauenez, Gerra Zibila baino lehenago goi-mailako euskal artistak arduratzen ziran Itzuliaren kartelak egiteaz eta 2019an ohitura hori berreskuratzea erabagi genduan. Euskal sortzaileei euren lana erakusteko aukera barriak eta ohikoa ez dan publiko zabal batengana heltzeko aukerea eskaintzen deutse ekimen honek. 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek eta Javier de Isusik diseinau ditue Itzuliako kartelak. Danak dagoz Bilboko Arte Eder Museoan gordeta.
Aurkezpenean, museoko zuzendari Miguel Zugazak ondokoa adierazo dau: Diseinu grafikoa eta ilustrazinoa museoan adierazoten dira, azken aldian izugarri aberastu dan kartel-bilduma garrantzitsu baten bidez. Hori dala eta, pozten gara Itzuliaren kartelaren aurkezpen markoa izateaz eta, jakina, bilduman jatorrizko diseinua sartzeaz, aurten Maite Mutuberriaren lan bikaina. Horrek guztiak eragiten dau, hain zuzen be, publikoari adierazpen sortzaileak eskaintzeko pasino hori, arlo artistikoaren ikuspegi zabalagoa emoten dabenak eta euren balioa egunerokotasunagaz lotutako esparruetara zabaltzen dabenak eta, kasu honetan, kirolik herrikoi eta heroikoenetako batera.
Bestalde, Julian Eraso OCETA alkarte atontzaileko presidenteak esan duaenez, aurten be Itzulia kirol arlotik harago doa eta gai kultural eta artistiko bategaitik albiste da. Urte batzuk daroaguz lankidetza honegaz eta ezin gara gusturago egon. Itzulia ez da txirrindularitza lasterketa bat bakarrik, gure lurraldearen erakusleiho turistiko bat be bada eta holako ekintzei esker, erakusleiho kultural bat be bai.
Maite Mutuberria
Aurtengo Itzulia Basque Country 2023 lasterketako kartelaren egilea, Maite Mutuberria, Ikusentzunezko Komunikazinoan lizentziatua da eta Ilustrazinoan goi-mailako teknikaria. Hogeita hamar liburu baino gehiago ilustrau ditu, besteak beste, Barruko hotsak, Joemak eta polasak, Lilo eta Xomorropoemak. Lohia eleberri grafikoaren egilea be bada. Kirico, Lazarillo, Peru Abarka eta Etxepare sariak jaso ditu eta bere lana 2022ko Katalogo Iberoamerikarrean aukeratu dabe. Igaz Literatur Lanaren Ilustrazinoa Modalidadeko Euskadi Literatura saria irabazi eban Irrimola lanagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!