Bilbon jokatuko da Erruberadun Jarlekuko Saskibaloiko Champions League
2023-02-02 08:31 KirolaZezeilaren 3an eta 4an, Bilbon izango da, historian bigarren aldiz.
Bizkaiko uriburua, 2020. urteaan lehiaketearen egoitzea izan zan, nahiz eta azkenean lehiaketarik egin eza; aurten, barriz, nazinoarteko federazinoak beren-beregi eskatuta, Bilbo barriro izango da lehiaketako hiru egoitzetako bat, atariko fasean.
Lau herrialdetako lau talde (Italia, Frantzia, Ingalaterra eta Turkia) lehiatuko dira, Bidaideak taldeagaz batera, Txurdinagako kiroldegian, danak danan kontra jokatu beharko dabe ligatxoan, eta han ebatziko da zeintzuk izango diran kontinenteko txapelketa nagusiaren final-laurenetara igaroko diran biak.
Txapelketea barikuan hasiko da, 11:15ean, Bidaideak taldeak Amicacci Abruzzo taldearen kontra jokatuko dauen partiduagaz; Amicacci Abruzzo taldea beti izaten da scudettoa irabazteko lehian, superkopea be irabazi barri dau eta Europako titulu bi irabazi izan ditu.
Aurretik, baina, 11:00etan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Udala ordezkatuz eta Lorea Bilbao foru diputadua, Bizkaiko lurralde historikoko erakunderik gorena ordezkatuz, lehiaketearen edegiera ofizialean izango dira.
Lehenengo partidu horren ostean, Hornet Le Cannet taldeak eta Galatasaray talde turkiarrak jokatuko dabe partidua. Eta lehiatuko diran hurrengo talde biak berotzeko behar daben denporan geraldia eginik, Manchester Revolution Britainia Handiko taldeak jokatuko dau Amicacci Italiako taldeagaz.
Arratsaldeko 18:00retan, berriro izango da jokalekuan Bidaideak taldea, Galatasaray taldearen kontra jokatzeko bizkaitarren asmoetarako erabagigarria izango dan partidua. Turkiako supertxapeldunak (5 Champions irabazi ditu dagoeneko), aurrean izango dau Bidaideak. Turkiarrek azken segundoetan irabazi eutsela bilbotarrei 2018ko Euroligearen finala, Txurdinagan bertan.
Ordu bi eta lauren aurrerago, jardunaldia amaitzeko, Manchester eta Le Cannet lehiatuko dira.
Zapatuan, barriz, maratoi bat izango da barriro: turkiarrak eta italiarrak goizean goiz ibili beharko dira, lehen partidua goizeko 9:00etan izango baita.
Aurrerago, 11:15ean, Bidaideak taldeak Le Canneten kontra jokatuko dau. Frantziako Ligako egungo txapelduna da Le Cannet, Kosta Urdineko taldea, hamaikagarrena baita GgBren nazinoarteko federazinoaren sailkapenean eta, igaz, eroso irabazi eutson Bidaideak taldeari, Champions Cup lehiaketearen 8. finalean, Erfurth-en (Alemania). Partidu hori, beraz, sano gatxa izango da Adrian Yañezen mutilentzat.
Amaitutakoan, 13:30ean, Galatasaray turkiarrak eta Manchester britainiarrak lehiatuko dira.
Iluntzeko saioa 15:45ean hasiko da eta frantsesak italiarrak izango dira lehia estu-estuan eta, ondoren, 18:00etan, lehiaketako azken partiduan, Bidaideak eta Manchester Revolution lehiatuko dira. Ingalaterrako taldea hamabosgarrena da nazinoarteko federazinoaren irabazleen zerrendan eta dagoeneko historiko bat da Britainia Handiko lehiaketetan, izan be, hortik datoz Britainia Handiko selekzinoan dabizan jokalari asko eta asko (egungo munduko txapeldunak dira).
Partidu horren ostean, sariak eta dominak emoteko ohiko protokolo-ekitaldia izango da, babesle eta atontzaileak tartean dirala. Erakunde laguntzaileak be ez dira faltauko: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!