Raspas Arraun Alkarteak instalazinoak hobetu eta modernizau ditu

Bizkaie! 2023-02-02 07:50   Kirola

134.245 euroko laguntzea emon jako.



Raspas del Embarcadero Arraun Alkartearen instalazinoak hobetzeko eta modernizetako inbersinoa 134.245 €-koa izan da; eta kopuru horretatik 77.084 Getxo Kirolak-ek emondako dirulaguntzari jagokoz eta ganerako 57.161 euroak Bizkaiko Foru Aldundiak emondakoari. Klubak Areetako Ontziralekuan dituan instalazinoen modernizazino horrek banku mobikorraren kirola egitea erraztuko dau eta bultzada handia emongo deutso Arraun Eskoleari.

Inbersino horri esker, Raspas Arraunek pantalan flotagarri bat jarri dau banku mobikorreko ontzientzat berariaz atondutakoa, 15 m luze eta 3 m zabal dituana. Pantalanak pasabide bi ditu uretan sartu eta uretatik urtetako, pantalanaren luzera eta zabalera berekoak. Instalazino barriak aukerea emoten dau kirolariek ur-laminara sartzeko daben segurtasuna hobetzeko, bai itsasoratzeko orduan, bai lehorreratzeko orduan be.

Instalazinoetara egindako bisitan, Amaia Agirre Getxoko alkateak ondokoa azaldu dau: Hobekuntza horreek eragin oso positiboa dabe Raspas lako klub baten kirol-jardueran. Klub horrek, lehia-mailan emoitza bikainak dituan proiektu bat izateaz gan, jarduera fisikorako aukera erakargarriak eskaintzen ditu edade
guztietako personentzat eta ezintasuna daben arraunlarientzat. Kirol-ekipamenduetan inbertidutea osasunean inbertidutea da, inklusinoaren alde egitea eta alkarte-sarea indartzea da, klubek eta alkarteek osotzen dabena lako sarea, oso aktiboa eta onura handiak ekarten dakarzana Getxoko
herritarrentzat.

Pantalanak irisgarritasuna nabarmen hobetzen dau, kirol hori egitea ahalbidetzen baitau eta materiala ondo konserbetea errazten baitau (ontziak, arraunak...). Gainera, klubaren instalazinoetan itxiturea jarri da, segurtasuna eta ontziak kanpoan biltegiratzeko gaitasuna hobetzeko.

Kanpoko lurzorua barritu eta handitu da, azalera horizontala irabaziz.

Bestalde, dutxak hartzen dituen moduluetako bitik bat erabarritu egin da, arraunak eta materialak biltegiratzeko. Azken horrek, ganera, gimnasiorako sarbidea emoten dau eta horren sarreran aldat txiki bat eregi da, irisgarritasuna hobetzeko.

Azkenik, kanpoaldean, Klubaren izena eta armarria dituen errotulu argitsu bi eta argiztapen-puntu bat jarri dira

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu