Euskadiko Filmategiak ‘Euskal emakume zinemagileak’ aurkeztu dau

Bizkaie! 2023-02-01 12:04   Zinemea

Gure zinemagintzan oinarrizkoak izandako emakumeei buruzko hainbat saiakera batzen dituan lehen liburua.

María Pilar Rodríguez Deustuko Unibersidadeko irakasleak koordinauta, liburu honetan hainbat belaunaldiren lana nabarmentzen da, emakumezko zinemagile aitzindariak zein oraintsuagokoak. Liburuan hainbat espezialistek parte hartu dabe, besteak beste, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, Carlos Roldán Larreta, Izaskun Arandia edo Luisa Etxenike.

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak aurkeztu dau, gure zinemagintzan oinarrizkoak izandako emakumeei buruzko hainbat saiakera batzen dituan lehen liburua. María Pilar Rodríguezek, Deustuko Unibersidadeko irakasleak koordinau dau lana; helburua da euskal zinemearen barri emotea, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obrak gogoan hartura. Era berean, proiektu artistiko horreen esplorazino akademiko eta dibulgatiboa eskaintzen dau.

Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, Generoak, formatuak eta moldaketak, Produkzinoa, distribuzinoa eta harrerea eta Hiru emakume zinemagile. Lehenengoak, Ikuspegi globalak, euskal emakume zuzendarien produkzino filmikoa lantzen dau hainbat ikuspegitatik: Gaiak, generoaren errepresentazinoa edo hareen filmen aniztasun estetikoa eta formala. Bigarrenak, Generoak, formatuak eta moldaketak, euskal emakume dokumentalgileen begiradea aztertzen dau eta, baita Kimuak programeak egindako lana be; aldi berean, produkzino transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak be aztertzen ditu. Hirugarrenean, produkzinoa, distribuzinoa eta harrera, alkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinemea bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emoteko egindako ahaleginak batzen dira, baita hareen harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea be; eta laugarrenak, barriz, Hiru emakume zinemagile, euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon, Euskadiko Filmategian ziklo eta argitalpena izan eben hiru egile.

Atal bakotxean egile espezializatu honeek parte hartu dabe: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.

Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren eretxiz, euskal zinemearen historiak, beste askok bezain parekidetasun eskasa izan dau eta sortu dan bibliografian urriak dira euskal emakume zinemagileen perspektibatik egindako ikerketak. Mikroskopiotik baino, teleskopiotik begiratuta egindako lan honetan, ordurarteko bakotasunak neurri batetan arintzea zan helburua; azken finean, jokerak azpimarratzeko, falta diranak eskarteko eta, batez be, talentuak egiaztatu eta ospatzeko balio dauelako, azaldu dau.

Bestalde, María Pilar Rodríguezek azpimarratu dau edozein jazoera bistakoa dala euskal emakume zuzendarien produkzino filmikoak ez dauela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan. Azken urteotara arte egoerea ez da esperantzagarria izan. Baina, esan behar da kritika eta azterketa akademikoak ez dirala behar aina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzen, erantsi dau. Irakaslearen eretxiz, horrek ondorio esanguratsuak ditu: Emakumeek gero eta film gehiago egiteak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada bategaz aberastu dau zinemagintzea eta emakume ikusleei identifiketako aukera handiagoa emon deutseen erreferenteak eskaini jakez ondorioztatu dau Rodríguezek.

Liburu hau (azala Isabel Herguera zinemagileak ilustrau dau) Euskadiko Filmategiaren bildumara batzen da, gure zinemagintzako izen handiak batzen dituan bildumara. Gorago aitatutako Ana Díez, Helena Taberna edo Yannick Bellon eta Álex de la Iglesia, Fernando Larruquert, Antxon Eceiza eta Enrique Urbizu lako zinemagileak, beste askoren artean, osotzen dabena. Euskal emakume zinemagileak, baita aurrekoak be, Euskadiko Filmategiaren webgunean eta liburu-dendetan erosi daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu