'Yuku eta Himalaiako lorea' gaur, barikua, estreinauko dabe aretoetan

Bizkaie! 2023-01-27 12:25   Zinemea

Zinema Euskaraz ekimenaren bidez bikoiztu dabe euskerara.

Euskerazko beste film bat dakar Zineuskadi erakundearen Zinema Euskaraz programeak, Yuku eta Himalaiako lorea belgikarra. Gaur, urtarrilak 27, estreinauko dabe euskerazko bersinoa pantaila handian, Araba, Bizkaia, Gipuzkoako eta Nafarroako areto batzuetan.

Zinema Euskaraz programan ohikoa izaten dan lez, familia osoarentzat aproposa da Yuku sagutxuaren abenturak kontetan dituan pelikulea be, eta marrazki bizidunetakoa. Arnaud Demuynck eta Rémi Durin dira zuzendariak.

Pelikulan kontetan danez, munduko mendi altuenetan bizi da eguzki-argi garbienaz elikatzen dan landarea, Himalaiako lorea. Yuku sagutxua, familia atzean itxita, horren bila joango da bere amamari eskaintzeko, ohean gaixorik dago eta. Baina lorea topetako, Yukuk oztopoz betetako bidea gainditu beharko dau: gaztelu azpiko estolda-arratoien eremu bildurgarria, bele anker eta gosetien belardia, danak galtzen diran baso sorgindua... Baita otsoak jagondako Ikararen Zubia be. Musika eta kantuei esker, Yukuk lagun asko egingo ditu, abenturea bide onetik eroateko euskarririk onena.

Yuku eta Himalaiako lorea honako zinema-aretoetan ikusi ahal izango da, gaur bertan hasita: Donostiako Sade, Getxo Zinemak, Bilboko Golem Alhóndiga, Iruñeko Golem La Morea, Gasteizko Gorbeia eta Niessen Errenteria. Aurrerago, Beasainen, Lazkaon eta Zarautzen be erakutsiko dabe.

2023an Zinema Euskaraz-en egitarauko lehenengo filma da, baina ez da azkena izango. Zineuskadik dagoeneko aurreratu ditu hurrengo hileotako hitzordu batzuk: zezeilean Momias eta martian Four Enchanted Sisters eta Oink Oink.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu