Létape Bilbao By Tour de France, zikloturismorako parebako aukerea
2023-01-27 09:49 KirolaBagilaren 11n egingo da eta edizino bakarra izango dau.
Grand Départ Pays Basque 2023aren ospakizun handiaren barruan, hiru ibilbide dagoz aukeran: Bilboko Etapa Ofiziala, Frantziako Tourraren 2023ko lehentapa osoa, inaugurazino eguneko 185 kilometroak egingo ditu, Bilbo – Bilbo eta horreei gehituko jakez neutralizautako tartearen 11 kilometroak. Beraz, danetara, 196 km izango dira, garagarrilaren 1ean, besteak beste, Mikel Landak, Ion Izagirrek, Pello Bilbaok, Jonas Vingegaardek, Tadej Pogaçarrek, Wout Van Aertek eta Julian Alaphillipek, besteak beste egingo ditutenak.
Helburuak dira zaleak ekitaldi honetara erakarri eta parte hartzera gonbidatzea eta Frantziako Itzuliaren urtekerea herritarren artean zabaltzea.
Aitor V. Morellek, probearen koordinatzaileak, probaren beraren eta gure lurraldera heltzearen garrantzia azpimarratu ditu, izan be, martxa zikloturista asko dagoz, baina oso gitxik erreproduziduten dabe Tourreko lehen etapea bere horretan. Hauxe dala Tour de France-k azken hamarkadatan izan dituan etapatatik eskakizun handienetakoa dauena.
Thierry Gouvenou txirrindulari profesional ohi eta Frantziako Tourreko Lasterketa Zuzendariak zirkuitu ofizialaren zatirik teknikoena azaldu dau, bere diseinuaren arduraduna da-eta: Nirea ez dan herrialde batean ibilbide bat diseinetan dodanean, tokiko adituakana joten dot. Indarra eta teknikea eskatzen dituan ibilbidea da. Hemen zaletasun handia dago eta esperotakoaren mailan egon behar da.
Joseba Belokik be parte hartu dau aurkezpenean, Frantziako Tourrean hiru aldiz podiuma lortutakoak eta beste euskal txirrindulari batzuekaz Grand Départ lasterketako etapak zehazten Tourreko atontzaileakaz alkarlanean ibili dana: Holako gogortasuna dauen profesionalen pareko ibilbidean sartzea aukera
parebakoa da, azaldu dau. Eta hauxe gaineratu: Ibilbidea taldean egin ahal izateak persona askori lagunduko deutse egiten eta amaitzen, banaka egitea oso gatxa da-eta.
Ziortza Villak, Europako Ultrairaupeneko tetratxapeldunak eta Julian Sanzegaz batera garagarrilean Trophy Tour Grand Départ lasterketearen lekukoa Paristik Bilbora 48 ordu baino gitxiagoan ekarteaz arduratu zanak, zaleek holako martxa batean parte hartzeko aukerea izatea nabarmendu dau: Aukeratutako ibilbidea ikusgarria da, hain zuzen txirrindulari askok entrenetako erabilten dabena. Kanpotik datozenek gure irudi ederra eroango dabe.
Proba ofizialaz gan, beste distantzia bi egongo dira: Danetara, 157 kilometro eta 2.850 metroko desnibel metatua dauen Medium probea, ia osorik, Tour errepidetik igaroko da.
Besteak, Litek zirkuituak 125 km ditu eta horreetatik 116 Tourreko ibilbidetik. Hiru hitzorduen urtekerak eta sarrerak Grande Boucle 2023ko lehen etapako ibilbidea errespetauko dute.
Hitzordu parebako honetan izena emoteko epea zabalik dago daborduko ekitaldiaren webgune ofizialean hemen. Prezioak aldatu daitekez ibilaldiaren distantziaren eta izena emoteko datearen arabera. Official eta Medium proben prezioa 75 €-koa da, baina urtarrilaren 31 (65 €) eta maiatzaren 11 (70 €) aurretik izena emon ezkero prezio murriztua izango da. Bestalde, Lite-ren kostua 72 €-koa izango da, baina merkeago lortu ahal izango da urtarrilaren 31ra arte (62 €) eta maiatzaren 11ra arte (67 €). Federauta ez dagozan personek 6 euroko gehigarria ordaindu beharko dabe istripu-aseguru legez.
Parte-hartzaileentzako Santini maillot bat, Tour de France-ren kolore horiagaz beren-beregi diseinautakoa. Gainera, parte-hartzaileek eskura izango ditue ibilbidean hornidura, helmuga ostean catering-a eta zerbitzu askoz gehiago.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!