Maria Elorzaren lehenengo film luzearen nazinoarteko estreinaldia, Rotterdamen
2023-01-26 10:31 ZinemeaUrtarrilaren 28, 29 eta 30ean egingo dira proiekzinoak.
A los libros y a las mujeres canto izenburua dau Maria Elorza zinemagilearen lehenengo lan luzeak. 2022ko Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan eban lehenengo aldiz publikoak eta Elorzak gazteen TCM Saria irabazi eban han. Ondoren, Gasteizko Euskal Dokumentalen Astean eta Bilboko Zinebin erakutsi dabe, besteak beste.
Asteon, nazinoarteko estreinaldia izango dau Elorzaren pelikuleak, Herbehereetan, 52. Rotterdamgo Nazinoarteko Zinema Jaialdian. Abangoardiako zinema garaikideko zuzendarien opera prima-k batzen dituan Bright Future atalean hartuko dau parte.
Lau emonalditan ikusi ahal izango da A los libros y a las mujeres canto, hiru egunetan. Urtarrilaren 28an, goizean, profesionalentzako pasea egingo dabe eta, arratsaldean, bigarren pasea eta Maria Elorzagaz barriketaldia.
Urtarrilaren 29an, ikus-entzuleek barriro entzun ahal izango ditue Maria Elorzaren berbak, beste barriketaldi bat antolatu dabelako, pelikulearen hirugarren proiekzinoaren ondoren. 30ean publiko guztiarentzako beste pase bat egongo da, azkena.
Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) Bartzelonan egin zituan Ikus-entzunezko Komunikazinoko ikasketak eta EHUn Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra. 2013tik ibili da film laburrak egiten, adibidez, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013), Agosto sin ti (2015), Gure Hormek (2016) eta Ancora lucciole (2018). Lehenengo film luzea dau A los libros y a las mujeres canto.
Filmaren sinopsiaren arabera, emakume bati ia-ia Avioneta izena jarri eutsien. Beste batek liburutegia izan eban autoko atzeko jesarlekuan. Besteak hatzamarra apurtu eban etxeko liburutegiko apal errebeldeen erruz. Zigarrogileek irakurketak entzuten ditue lanean dabizan bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen ditue. Horreei guztiei kantetan deutset, dino Elorzak.
Txintxua Films etxea da produktorea eta Maria Elorza arduratu da gidoiaz, zuzendaritzeaz eta argazkiaz. Aktore nagusiak Antonia Deias, Loreto Casado, Viki Claramunt, Waltraud Kirste eta Anne Elorza dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!