'The Fabelmans' eta 'Everything Everywhere All at Once', Oscar Sarietako lehian

Bizkaie! 2023-01-25 08:38   Zinemea

Cate Blanchett, Colin Farrell, Austin Butler eta Brendan Fraser, aktore onenaren hautagaien artean.

Michelle Yeoh 'Everything Everywhere All at Once' pelikulan | Ikusi handiago | Argazki originala

Hollywoodeko Akademiak 2023ko Oscar Sarirako hautagaien barri emon dau eta, ohikoa danez, 2022an zeresana emon eben film ugari dagoz izendapenetan. Hautagaitza gehien dituana, 11, Daniel Kwan eta Daniel Schneider zuzendarien Everything Everywhere All at Once da.

Steven Spielberg ospetsuaren The Fabelmans da beste hautagai handia. Ganera, ez dagoz askoz atzerago bide konbentzionaletik kanpoko beste pelikula bi be: Netflix plataformearen All Quiet on the Western Front eta Suediatik datorren Triangle of Sadness.

Horreek laurak pelikularik onenaren Oscar Saria irabazteko zerrendan dagoz, baita nazinoartean sari ugari irabazten dabilen The Banshees of Inisherin be. Kategoria horretako ganerako hautagaiak Elvis, Avatar sailaren bigarrena, TÁR, Top Gun Maverick eta Women Talking dira.

Zuzendaririk onenaren atalean, goian aitatutako lanen zuzendariak dira hautagaiak: Martin McDonagh (The Banshees of Inisherin), Daniel Kwan-Daniel Schneider (Everything Everywhere All at Once), Todd Field (TÁR), Steven Spielberg (The Fabelmans) eta Ruben Östlund (Triangle of Sadness).

Aktoreei jagokenez, izen ezagunak eta gora bidean diranak buztartu ditue hautagaien zerrendan. Emakumeen alorrean, Cate Blanchett da ezagunena eta Ana de Armas, Andrea Riseborough, Michelle Yeoh eta Michelle Williams be badagoz.

Gizonezkoen aktorerik onena izateko lehian, bestetik, Brendan Fraser, Austin Butler, Colin Farrell, Paul Mescal eta Bill Nighy dagoz.

Nazinoarteko zinemagintzearen kategorian, ingelesez ez diran bost film lehiatuko dira: Argentina, 1985 argentinarra eta beste atal batzuetan hautagaitzak dituan All Quiet on the Western Front nabarmentzen dira. Close, EO eta The Quiet Girl dira besteak.

Aurten ez dago euskal ordezkaririk hautagaien artean. Beatriz de Silva gasteiztarraren Tula hur geratu da, baina azken pausuaren faltan geratu da, gitxigaitik ez da sartu Film Labur Onenaren Oscarra irabazteko izendatuen zerrendan.

Martiaren 23an egingo dabe Oscar Sariak emoteko galea, Los Angelesen, Jimmy Kimel aurkezle dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu