'Fitz Roy mendian geratu diranei eta familiakoei samin-agurra emoten deutsegu'
2023-01-23 13:57 KirolaHildako mendizale biek eskarmentu handia ebela nabarmendu dabe Iker eta Eneko Pouk.
Ezin izan da. Gatxa izan arren, esperantzea azken momentura arte gorde behar zan. Holan hasi dabe Eneko eta Iker Pou eskalatzaileek Andeetako Fitz Roy mendian euskal mendizale batzuek izandako ezbeharraren inguruko gogoetea. Edurjausi batek atrapauta, Amaia Agirre gasteiztarra eta Iker Bilbao durangarra desagertu dira eta erreskate-taldeek hiltzat jo ditue. Josu Linaza igorreztarrak gitxigatik urten dau bizirik.
Jente askok galdetu dau merezidu ete dauen Fitz Royren horma arriskutsuetan sartzea. Baina Pou Anaiek gogorarazo dabe inor ez doala mendira hilteko asmoz, Agirre eta Bilbao euren pasinoak eroan zituala hara, ames egiteko gogoak. Ezin dogu inor bere amesak beteteagaitik txarretsi, amesek libre egiten gaitue.
Amaia Agirre aspalditik ezagutzen eben poutarrek, eta esperientzia politak bizi izan zituen haregaz eta Julen Berrueco bikotekideagaz, Mallorcan alkartu ziran batean. Lotsatia begitandu jaken Agirre, baina baita jatorra, atsegina eta zintzoa be. Eskaladeagaz eukan pasinoa alderdi guztietatik igarten jakon, egiten ebana maite eban eta, ganera, ederto egiten eban. Alpinismoaren modalidade guztietan abil-abila zala gogoratzen dabe Pou Anaiek, honetan gabizanok berehala konturatu ginan alpinista bikaina zala.
Iker Bilbao ez eben ezagutzen, baina entzuna dabe alpinista bikaina zala eta badakie hutsune handia itxiko dauena ingurukoen artean, Amaia Agirrek lez. Hortaz, bietako bat be ez egoan Fitz Royn kasualidadez, maila eta autonomia nahikoa eben mendi ha igoteko, orratz zorrotz eta gatxa, poutarren arabera.
Bide franko-argentinarreko puntu baltzetako bat da Italiarren Zuloa, istripuaren lekua. Poutarrek azaldu dabe, 2006an, han inguruan egiten ebizan eskaladea baztertu behar izan ebela galdutako hiru mendizale erreskatetako.
Amaiak eta Ikerrek ez dabe halako suberterik izan eta, hortaz, lutuz jantzi da alpinismoa, aitatu dabe Pou Anaiek. Alkarregaz bizi izandako momentuak gogoratuko doguz guk, eta gure bihotzek sufridu arren, izarren azpian ibiltean badakigu bi polit-politak dirana, gure pausuen gidari izango dira. Agur eta ohore, Amaia eta Iker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!