Zornotza Musikagaz Fest, sortzaile gazteen topaleku

Bizkaie! 2023-01-20 08:35   Musikea

Bederatzi talde eta bakarlarik hartuko dabe parte urtarrilaren 28ko jaialdian.

Udaleko, Musika Bulegoko eta Gerediagako ordezkariak (argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskeraz sortzen daben musikari gazteentzat erakusleiho izateko asmoz atondu dau Amorebieta Etxanoko Udalak Zornotza Musikagaz Fest jaialdi barria. Urtarrilaren 28an izango da lehenengo edizinoa, hurrengo urteetan be segiduteko asmoz, etorkizun oparoa aurreikusten deutselako antolatzaileek.

Gerediaga Alkartearen, Musika Bulegoaren eta Zornotzako Gazteak taldearen lankidetzeari esker sortu dau Udalak festibala. Euskeraz ibilbide musikala hasi nahi daben gazteek Amorebieta-Etxanon aukera bat izatea sustatu nahi dogu eta, bide batez, kontratazino eta erakustaldi publiko honek balio izatea gazteen profesionalizazinoa bultzatzeko, azaldu dau Andoni Agirrebeitia alkateak.

Egun bakarrekoa izango da aurtengo edizinoa, baina ez leku bakarrean, herriko txoko ugaritan egingo dituelako kontzertuak. Zelaieta Zentroan, Amorebieta IV frontoian eta Zornotza Aretoan izango dira saiorik jentetsuenak; formatu txikiagoko beste hiru emonaldi programau ditue Urtza, Sukoi eta Vintage tabernetan. Danetan sartu ahal izango da doban.

Bederatzi talde edo bakarlari konbidau ditue lehenengo edizinoan: Ilargi, Etxekalte, Olaia Intziarte, Mugan, Julen, Xsakara, Sweet Rage, Goiatz Dutto eta Deñe. Musikeaz aparte, gazte bazkaria egongo da Amorebieta IV frontoian, eta horra joateko txartelak salgai dagoz Urtzan.

Durangoko Azokara aurkeztutako musikarien artean aukeratu ditue aretoko kontzertuak, eta gazte sortzaileen beste proposamen batzuk tabernetako kontzertuetarako. Parte hartuko daben musikari guztien doinuak ezagutu eta gozetako, Spotify zerrendea sortu dau Udalak. 

Honelako ekimenek ikusgarritasuna emoten deutse talentu gazteei, publiko barriak sortzen ditue, euskerazko musikearen kontsumoa sustatzen dabe eta sektorea profesionalizetan dabe, nabarmendu dau Musika Bulegoko ordezkari Ruth Manzanok. 

Gerediagako Beñat Gaztelurrutiak, ostera, Durangoko Azokan aurkeztutako proposamenei ibilbide luzeagoa emoteko aukeratzat dau Zornotza Musikagaz Fest: Musikariak eta euren lanak bistaratzen ditu Azokeak, baina ahalegin horrek bide laburra dau ondoren sorkuntza-lan horreek jente aurrean aurkezteko aukerarik sortzen ez bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu