Zinema Euskaraz programan parte hartzeko deialdia zabaldu dabe

Bizkaie! 2023-01-19 11:16   Zinemea

Aretoetan euskerara bikoiztu edo azpidatzitako filmak erakustea da helburua.

Zineuskadi erakundeak bultzatzen dauen Zinema Euskaraz programeak 2023ko edizinoaren deialdia egin dau, areto komertzialetan eta zirkuitu alternatiboetan euskerazko estreinaldiak bultzatzeko eta ugaritzeko. Deialdia urte osoan egongo da martxan eta diru-laguntzinoak zein promozinoa emongo deutse filmak euskerara bikoiztu edo azpidatzi nahi dituen eragileei. Jatorriz euskeraz diran lanak ez dira ekimen honetan sartzen.

Fikzinoak, dokumentalak, animazinoa... formatu eta genero gehienak onartuko ditue, baina baldintza batzuk bete ezkero, esate baterako, gastu guztiak ondo azaltzea, horren araberakoa izango dalako emoten dan laguntzinoaren zenbatekoa.

Ganera, lehentasuna emongo jake familia osoarentzako aproposak diran pelikulei, batez be, umeentzakoei. Horren ostean, gehien balorauko diran beste alor biak honeek dira: batetik, filmak aurretik izan dauen eragina, esaterako, jatorrizko herrialdeko ikusle kopurua edo irabazitako sariak; bigarrenik, areto txikietan emoteko zein banaketarako erraztasunak.

2023ko deialdiko batzordean egongo dira Zineuskadiko presidentea, Zinema Euskaraz-eko erabagi-batzordeko kide bi, EZAEko ordezkari bat, ikus-entzunezko alkarteen ordezkari bat eta Zinema Euskaraz-eko koordinatzaile Mar Izquierdo.

Balorazino-batzorde horrek onartutako proposamenen arduradunei bost eguneko epean emongo jake ebatziaren barri.

Areto komertzialetan eta bestelako zirkuituetan euskerazko edo euskerara bikoiztutako filmak topetea ez da erraza, baina ikus-entzunezkoak funtsezkoak dira euskerearen normalizazinoan. Horregaitik, hutsune hori betetea da Zinema Euskaraz programearen eta deialdi zehatz honen helburu nagusia.

Irakurri deialdiaren oinarriak hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu