Xabier Lopez-Arosteguiri emon deutse Getxoko Kirolari Onenaren Saria
2023-01-12 09:21 KirolaXVI. Getxo Sasoi Sasoian galan 300 lagun inguru egon dira.
Denporaldi bikaina egin dau Xabier Lopez-Arostegui saskibaloi jokalariak, Valencia Basket klubean zein Espainiako selekzinoagaz Europako txapelketea irabazita. Horregaitik, 2022ko Getxoko Kirolari Onenaren Saria emon deutso Udalak, Getxo Sasoi Sasoian galan. Beste finalistea Virginia Diaz arraunlaria izan da.
Lopez-Arostegui ez da galan egon, konpromiso profesionalakaitik, baina bideo bidez agertu da ekitaldian, eskerrak emoteko. Harro nago umetan Getxoko Saskibaloi Klubean urte batzuk jokatu ahal izan nebazalako eta orain txikienen erreferente izan ahal nazalako. Harrotasun handi horrek lanean jarraitzera eta helburu hobeak lortzera bultzatzen nau, adierazo dau.
Getxoko kirolari, klub eta alkarteen ordezkari, 300 bat lagun batu dira Getxo Sasoi Sasoian galan. Kirolaren atzean dagozan balioak bizitzako benetako eskolea dirala azpimarratu dau Getxoko alkate Amaia Agirrek. Ahalegina, ilusinoa, auto-exigentzia eta eten barik hobetzea... Gizarteak dituan erronkei modu kolektiboan aurre egiteko orduan kirolaz harago zabaldu beharreko balioak dira.
Oinarrizko kirolean dabizan guztien lana txalotu dau Agirrek: Joko Olinpikoetan eta maila goreneko nazinoarteko txapelketetan dabizan kirolari getxotarrak saritzen ohitu gara, baina hau ez litzateke posible izango babesten daben azpiegitura barik. Getxo Kirolak-egaz lankidetza estuan dabizan klubak eta alkarteak dodaz berbagai.
Lopez-Arosteguiri emondako sari nagusiaz gan, beste kategoria ugaritan be sarituak egon dira. Promesen kategorian, banakako irabazle bi dagoz: Getxo Bolue Kirol Alkarteko Irene Pera ugerlaria, Espainiako Umeen Mailako Txapelketan lau domina irabazi dituana; eta Raspas del Embarcaderoko Aitor Blanco arraunlaria, aulki mobikorreko 2022ko Espainiako Txapelketan brontzea irabazi barria, gazte mailako skiff modalidadean.
Taldeka, ostera, emakumeen alorrean Bizkerre Futbol Taldea da irabazlea, 2. RFEF mailara igoteagaitik; gizonezkoetan, Raspas del Embarcadero aukeratu dau epaimahaiak, Espainiako Txapelketako 4x mailan brontzea lortzeagaitik. Junior sarietan, Getxo Bolue alkarteko nesken taldea eta Jose Luis Ugarte Bela Eskolako mutilena dira irabazleak.
Azkenik, sari bereziak emon ditue galan, hainbat kategoriatan: Marka Hautsiz Getxo Kayak Klubeko Dragon Boat ontziari; Kiroltasuna saria Arenas Clubeko lehendakari ohi Franqui Egusquiaguirreri; Getxo Berrituz Getxo Irristan-i; Getxo Zabala Giroa enpreseari; Berdintasuna Indartuz Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Clubi; eta Aitzindariak Jorge Barrieri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!