Harrerea egin jake Orkestra Zuzendaritzeari buruzko Lehiaketan parte hartzen dabizenei
2023-01-11 10:24 MusikeaAurten topaketak 2023ko urtarrilaren 10etik 13ra dira.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak harrera egin deutse udaletxean Bilbao Musikak atondutako Nazinoarteko Zuzendaritza Lehiaketan, Orkestrako Zuzendaritzeari Buruzko VII.Topaketen barruan dagoana, parte hartzen dabizen mundu osoko hainbat herrialdetako hogei bat zuzendariri. Harrerea horretan, halaber, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia izan da, eta José Rafael Pascual-Vilaplana udal musika-bandako zuzendari titular eta ikastaroa emoteko arduraa dauena.
Zazpigarren urtez jarraian, Bilbao Musika, Orkestrako Zuzendaritzeari Buruzko Topaketen edizino barri baten egoitza bihurtu da. Topaketa honeen helburu nagusia orkestra zuzendaritza talde garaikideetan aztertzea da, talde instrumentalen gidaritzea lantzeko baliabide tekniko eta artistikoak eskaintzeaz gan. Aurreko edizinoen erantzun bikainaren ondorioz, ekimen sendo eta erreferente bihurtu da, bai estadu mailan, bai nazinoartean be.
Aurten topaketak 2023ko urtarrilaren 10etik 13ra dira. Lehenengo sei edizinoen ondoren, deialdi honetan Bilbao Musika Nazinoarteko Zuzendaritza Sarian ardaztutako topaketa batzuk aurkeztuko dira, musika zuzendaritzearen inguruko hainbat dibulgazino-jardueragaz batera. Hautatutako parte-hartzaileek Bilboko Udal Bandea zuzenduko dabe, lehiaketearen fase guztietan. Azken faseko irabazleak Bilboko Udal Bandearen 2023-2024 denporaldirako zuzendari konbidatu izentetea jasoko dau sari legez. Danetara, 35 personek emon dabe izena zazpigarren edizino honetan. Ikasleen jatorriari jagokonez, askotarikoa izan da: % 37 atzerritik datoz, Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Herbehereak, Alemania, Portugal, Venezuela, Mexiko eta Txinatik, adibidez. Era berean, Estaduko ia autonomia-erkidego guztietako zuzendariek emon dabe izena, besteak beste, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa, Gaztela-Mantxa, Murtzia, Madril, Asturias, Nafarroa, Galizia eta zelan ez, Euskaditik etorritakoak. Azkenik, astean zehar Bilboko Udal Musika Bandeagaz, Estaduko banda profesionalik onenetako bategaz, lan egiteko eta zuzentzeko aukerea izango daben 20 persona hautatu dira,
Era berean, gogoratu behar da Bilboko Udal Musika Bandeak urte barriari hasierea emongo deutsola Orkestrako Zuzendaritzeari Buruzko Topaketen VII. edizinoaren amaierako kontzertuagaz, Bilbao Musika Nazinoarteko Zuzendaritza Lehiaketearen finala izango dana. Hitzordua urtarrilaren 13an, 18:30ean Arriagako J. Crisóstomo Konserbatorioan izango da eta sartzea doban izango da lekua bete arte. Kontzertura hurreratzen diranek Giacomo Puccini, J. Vicente Egea eta Percy A. Graingerren obra handiez gozauko dabe.
Kontzertu horren ostean, Bilboko taldea Euskalduna Jauregiko Auditoriora bueltauko da datorren urtarrilaren 22an, Irudi entzungarriak izeneko kontzertuagaz. Oraingoan David Abellán bonbardinoaren laguntzea izango dau Bandeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!