'The Fabelmans' eta 'The Banshees of Inisherin', onenak Urrezko Globoetan
2023-01-11 08:36 ZinemeaRyan Murphyk eta Eddie Murphyk Ohorezko Sariak irabazi ditue.
2022an zineman eta telebistan estreinautako produkzinorik onenak saritu ditue Urrezko Globoen 80. edizinoan. Estadu Batuetako ikus-entzunezkoen alorreko 96 profesionalek emon dabe botoa, baita nazinoarteko 103 ordezkarik be. Film bi nabarmendu dira palmaresean: The Fabelmans eta The Banshees of Inisherin.
Pelikula dramatikorik onenaren saria eskuratu dau The Fabelmans-ek, 1950eko eta 60ko hamarkadetako gaztetxu baten bizitzea jorratzen dauen pelikuleak. Steven Spielberg zuzendariaren kontakizun autografikoa dala esan leiteke. Spielbergek, hain zuzen, zuzendaririk onenaren Urrezko Globoa be irabazi dau film honegaitik.
Komedia edo musikal onenaren saria, bestetik, The Banshees of Inisherin irlandarrak eroan dau. Martin McDonagh da proiektu honetako produktore, gidoilari eta zuzendaria, eta ahalegin horri esker irabazi dau gidoirik onenaren Urrezko Globoa.
Aktoreei jagokenez, hainbat saritu egon dira aurtengo edizinoan. Film dramatikoen atalean, Cate Blanchett (Tár) eta Austin Butler (Elvis) izan dira irabazleak eta, komedia edo musikalean, Michelle Yeoh (Everything Everywhere All at Once) eta Colin Farrell (The Banshees of Inisherin). Bigarren mailako aktoreetan, epaimahaiak Angela Bassett (Black Panther) eta Ke Huay Quan ((Everything Everywhere All at Once) aukeratu ditu.
Beste saritu batzuk be egon dira, esate baterako, Justin Hurwitz, Babylon-en soinu-bandeagaitik; eta Argentina, 1985, ingelesez ez dan pelikularik onena.
Telesailen atalean, House of the Dragon eta Abbott Elementary izan dira irabazle nagusiak. Aktoreen artean, Kevin Costner, Zendaya, Jeremy Allen White, Quinta Brunson, Evan Peters eta Amanda Seyfried saritu ditue.
Urrezko Globoen 80. edizinoan omenaldietarako tartea be egon da. Zinemagintzan eta telebistan egin daben ibilbide luzeagaitik, Ohorezko Saria emon deutse Ryan Murphy gidoilari eta zuzendariari; eta Eddie Murphy aktore eta umoregileari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!