Unai Aranzadik 'A costa dos Lançados' dokumentala aurrestreinauko dau

Bizkaie! 2023-01-10 07:50   Zinemea

Zapatuan, urtarrilaren 14an eskainiko dau, Muxikebarrin.

Unai Aranzadi Independent Docs produkzino etxearen sortzaile eta zuzendari eta kazetari getxotarrak idatzitako eta zuzendutako A costa dos Lançados dokumentalaren aurrestrenaldia izango da datorren zapatuan, urtarrilaren 14an, 19:00retan, Muxikebarrin. Getxoko Udalaren babesari esker, UN Etxeak, UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Alkarteak, produzidutako lanak, migrazino-mobimentuaren joanari eta orainari buruzko paradoxa bat erakusten dau. Proiekzinoa, Udalaren Getxotik Mundura Mundutik Getxora programearen barrukoa da, dobakoa, eta zuzendaria bera bertan izango da. Berak egun Ukrainara egiten dituan bidaiakaz jarraitzeaz gan, azken hamar urteetan lau kontinentetan (Asia, Amerika, Europa eta Afrika) topautako erbesteratutako personei buruz egindako argazkiakaz dokumental bat be atontzen dabil (Brasilgo Lurrik Bakoak, indigenak; Kongoko mendietako meatzaritza-proiektuakaitik desplazautakoak, klima-aldaketeagaitik, multinazionalen abusuagaitik, ekidade falteagatik erbesteratutakoak...).

Dokumentalean ikusten da XV. mendean Afrika mendebaldeko kostaldean urtenbide lez sartu ziran lehen europarren historia. Munduko pariatzat hartuta, gehienak judu jatorrikoak, lançatu izenagaz ezagutzen ziran, ibaian gora jaurtiten zituelakoko, bizitzea bilatzeko eta aldi berean Portugalgo erresumarako hartu-emon komertzialak hasteko. Hareetako askok, azkenean, personen trafikoa egin eben eta, beraz, biktima izatetik biktimario izatera igaro ziran: Kontua da ze da gaur egun beste lançatu batzuk dagozala, XXI. mendekoak, ibilbide bera egiten dabenak baina alderantziz, askotan pariatzat be hartzen diranak, pobreziagaitik. Kanariar Ugarteetako bide arriskutsuenetik eta jente gehien datorren bidetik heltzen dira Europara, ogia irabazi eta euren egoera larriari urtenbide bat bilatzeko, zuzendari getxotarrak azaldu dauenez.

Hainbat gai jorratzen ditu, besteak beste, kolonialismoa, esklabotzea, giza eskubideak, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hartu-emon gorabeheratsuak, ustelkeria, Afrika baltzeko migrazino-arazoaren sorrerea, baina ez itsasoko salbamenduan arretea jarriz, Europarako bidaiari ekitera bultzatzen dauen horretan baino. Lana Almeriako negutegien irudiakaz amaitzen da, batzuetan, Nazino Batuek eta Amnesty Internationalek salatutakoak, Saharaz hegoaldeko personek bizi izandako erdi esklabu-egoerakaitik, XXI. mendean beren zaurgarritasunagaitik esplotautakoak.

Unai Aranzadik 2021eko udagoienean egin eban grabazinoa, sei astez, 2.000 kilometro egin zituanean Ginea Bisáu, Gambia eta Senegal barrualdetik, errepidez, garraio kolektiboetan, migrazino-arazoaren sorrerea beste modu batean erakusteko helburuagaz, bidaia-elementuakaz (road movie), elementu historikoakaz eta baita abentura-generoaren puntu bategaz be: Asmoa ez da alderdi humanitarioa entreteniduteko edo erakusteko istorio bat izatea bakarrik, historia ezagutarazotea, sensibilizetea eta errealidadea aldatzeko gauzak egin daitekezala iradokitzea baino, nabarmendu dau Aranzadik. Oso pozik agertu da Getxon estreinau ahal izateagaitik, Portu Zaharraren ia gainean, ni nazen lekuan, eta nire aita eta ama bertan bizi diralako. Niretzat etxean ibiltea lakoa da. Ederra izan da UN Etxeagaz eta Getxoko Udalagaz alkarlanean ibiltea berriro, 2013an modu berean egindako Jambo Amani? dokumentalaren esperientzia errepetiduz, nabarmendu dau getxotarrak.

Unai Aranzadiren asmoa A costa dos Lançados jaialdiotan aurkeztu eta banatzea da urte bitan edo eta azkenean, laguntza publikoa izan daben lanakaz egiten dauen legez, publikoari bueltetea, interesdunei online ikusteko aukerea eskaintzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu