Suspertzen hasi dira EAEko zinema-aretoak, baina 2019ko datuetatik urrun
2023-01-09 10:17 Zinemea2022an 2,7 miloe ikusle izan ditue.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema-areto pribaduak batzen dituan EZAE alkarteak 2022ko balantzea plazaratu dau. Datuek dinoe zinema-aretoen sektorea, pixkanaka, suspertzen eta indarra hartzen hasi dala EAEn, pandemiak eragindako jatsiera handiaren ostean. Dana dala, 2019ko datuetatik urrun geratu dira 2022koak, hiru urtean ikusle ugari galdu ditue aretoek.
Hain zuzen be, 2,7 miloe ikusle joan ziran igaz EAEko zinema-aretoetara, hau da, 2019an baino % 43 gitxiago (urte haretan 4,7 miloe izan ziran). Diru-sarreretan be, % 40 bueltako jatsierea egon da. Halandabe, pandemian baino ikusle gehiago dagoz orain, batez be azken hileotan igarri dan igoereari esker.
Datu itxaropentsuak dirala uste dau EZAEk, susperraldi motel baten hasierea. Baina, ezinbestean, laguntzino iraunkorrak beharko ditu sektoreak bideragarria izateko. EAEko zinema-aretoek 20 miloe euroko galerak izan ditue 2020 eta 2021ean.
Publikoa berreskuratzeko laguntzinoez gan, EZAEk bestelako neurri batzuk be eskatu ditu. Esate baterako, ehun eguneko leiho esklusiboa zinema-aretoetako estreinaldi guztientzat. Frantziak 15 hileko leihoa ezarri dau zinema-aretoetan estreinatutako filmak streaming plataformetan zabaldu arte. Italian, barriz, 90 egunekoa da epea.
Bestetik, 2022an Euskal Autonomia Erkidegoko aretoetan ikusle gehien izan dituen hamar pelikulak honeek izan dira, hurrenkera honetan: Avatar, el sentido del agua, Minions: El origen de Gru, Jurassic World, Dominion, Padre no hay más que uno 3, Tadeo Jones, la tabla esmeralda, Doctor Strange en el multiverso de la locura, Uncharted, El cuarto pasajero, Thor: Love And Thunder eta The Batman.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!