Euskal eskiatzaile bi Munduko Kopako proba berean

Bizkaie! 2023-01-05 10:16   Kirola

Aingeru Garay eta Juan del Campo izan dira lorpen historiko horretako protagonistak.

Eski alpinoan betidanik ibili dira euskal kirolariak, baina gorengo mailako probetan beste herrialde batzuetakoak nabarmendu dira askoz gehiago. Horregaitik, historikoa izan da Alemaniako Garmisch-Partenkirchen herriko eslalomeko datua: lehenengo aldiz, euskal eskiatzaile bik hartu dabe parte Munduko Kopako proba berean, Basque Team-ek dinoanez.

Hain zuzen be, Aingeru Garay galdakaoztarra eta Juan del Campo bilbotarra dira. Biak dira Basque Team-eko eta Neguko Kiroletako Euskal Federazinoaren bikaintasun proiektuko kide. Munduko eskiatzailerik onenen alboan lehiatu dira bizkaitar biak, beste euskal eskiatzaile ezagun batzuen lekukoa hartuta: Paul de la Cuesta, Jon Santacana...

Aingeru Garayk debuta egin dau Munduko Txapelketan, Garmisch-Partenkirchengo eslalomean. Ez dau lehenengo fasea gainditzerik izan, baina Alemaniakoa beste pausu bat izan da 24 urteko gazte honen hazkundean, esate baterako, Europako Kopan 20. izan zan abenduan. Hurrengo hitzorduak be Europako Kopan ditu.

Eskarmentu zabalagoa dau Juan del Campok. Dana dala, lehenengo txandea 47. lekuan amaitu dauenez, ez dau aurrera egin. Igaz 25. izan zan Garmisch-Partenkirchengo eslalomean. Sei aldiz jokatu ditu Munduko Kopako probak eta Europako Txapelketan emoitza onak lortu izan ditu, adibidez, zazpigarren Suitzan. Hurrengo hitzordua be Suitzan dau, Adelbodengo Munduko Kopan, urtarrilaren 8an.

Aingeru Garay

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu