Virginia Diaz eta Xabier Lopez-Arostegi, 2022ko Getxoko Kirolari Onena izateko hautagai

Bizkaie! 2023-01-04 12:55   Kirola

Sariak Getxo Sasoi Sasoian galan emongo ditue, urtarrilaren 11n.

Virginia Diaz, ezkerrean, Aina Cid kideagaz. | Ikusi handiago | Argazki originala

2022. urtean taldekako zein bakarkako kiroletan nabarmendu diran Getxoko alkarte eta kirolariei autortzea egiteko, Getxo Sasoi Sasoian galea atonduko dau Udalak, eta bertan emongo ditue Getxoko Kirolari Onena sariak. Urtarrilaren 11n izango da ekitaldia, Kirol Portuko itsas bidaien terminalean.

Sari nagusia irabazteko hautagai bi dagoz, Virginia Diaz arraunlaria eta Xabier Lopez-Arostegi saskibaloi-jokalaria. Biak be Olinpiar Jokoetan parte hartutakoak dira.

Raspas del Embarcadero klubeko kidea da Diaz eta, normalean, binakako arraun-probetan lehiatzen da, Aina Cid kideagaz batera. Europako Txapelketan urrea irabazi eben M2- mailan, 2019an.

Lopez-Arostegi, ostera, gorengo mailako saskibaloian dabil, Espainiako Endesa Ligan. Getxoko klubean ekin eutsan jokatzeari umetan, eta haren gaitasuna ikusita, Kataluniako Joventut taldearen harrobiak fitxau eban. Goi mailan 2015etik dago, eta gaur egun Valentziako jokalaria da. Espainiako selekzinoagaz, 2020ko Olinpiar Jokoetan seigarren izan zan eta 2022ko Europako Txapelketan, txapeldun.

Getxoko Kirolari Onena Sarietako beste kategorietan, Udalak dagoeneko emon dau 2022ko irabazleen barri. Promesen kategorian, banakako saritu bi dagoz: Getxo Bolue Kirol Alkarteko Irene Pera ugerlaria, Espainiako Umeen Mailako Txapelketan lau domina irabazi dituana; eta Raspas del Embarcaderoko Aitor Blanco arraunlaria, aulki mobikorreko 2022ko Espainiako Txapelketan brontzea irabazi barria, gazte mailako skiff modalidadean. 

Taldeka, ostera, emakumeen alorrean Bizkerre Futbol Taldea da irabazlea, 2. RFEF mailara igoteagaitik; gizonezkoetan, Raspas del Embarcadero aukeratu dau epaimahaiak, Espainiako Txapelketako 4x mailan brontzea lortzeagaitik. Junior sarietan, Getxo Bolue alkarteko nesken taldea eta Jose Luis Ugarte Bela Eskolako mutilena dira irabazleak.

Azkenik, sari bereziak be egongo dira edizino honetan, hainbat kategoriatan: Marka Hautsiz Getxo Kayak Klubeko Dragon Boat ontziari; Kiroltasuna saria Arenas Clubeko lehendakari ohi Franqui Egusquiaguirreri; Getxo Berrituz Getxo Irristan-i; Getxo Zabala Giroa enpreseari; Berdintasuna Indartuz Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Clubi; eta Aitzindariak Jorge Barrieri.

Horreei guztiei autortzea egingo jake urtarrilaren 11ko galan. Getxo Kirolak-eko teknikariak, kazetariak eta kirolaren alorreko adituak izan dira epaimahaikide.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu