Esku-pelotako emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketea hilaren 13an hasiko da
2023-01-03 09:06 KirolaLau bikotek hartuko dabe parte.
Bosgarren aldiz, gaur egungo emakumezko pelotaririk onenak batuko ditu Bizkaia Txapelketeak, Foru Aldundiak bultzatuta eta zaletu ugari erakarteko asmoz. Urtarrilaren 13ko lehenengo partiduan hasi eta zezeilaren 10eko finalera arte, goi mailako peloteaz gozau ahal izango dau publikoak Bilboko Bizkaia eta Zallako Mimetiz frontoietan.
Zortzi pelotari lehiatuko dira V. Bizkaia Txapelketan, lau bikotetan. Olatz Arrizabalaga-Uxue Osés; Amaia Aldai-Nora Mendizabal; Madalen Etxegarai-Enara Gaminde; eta Leire Garai-Andrea Capellan dira bikoteok.
Zortzi pelotariok Bizkaia Frontoian agertu dira, Kultura, Euskera eta Kirol diputadu Lorea Bilbaogaz batera, txapelketearen nondik norakoen barri emoteko. 2018ko lehenengo edizinotik, helburu garbia izan dau ekimenak, Bilbaoren esanetan: atzoko, gaurko eta biharko andrazko pelotariak aintzat hartzea eta egiten daben lanari balioa emotea. Izan be, pelotariok eredu bihurtzea gustauko litzakigu.
Lau jardunaldi izango ditu aurtengo edizinoak (bakotxean partidu bi). Urtarrilaren 13 eta 20koak Bilbon izango dira eta 28koa, Zallan. Finala zezeilaren 10ean jokatuko da, Bilbon. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira. Sarrerak salgai dagoz Bizkaia Frontoiko txarteldegian, hiru euroan.
Ganera, pelotalekura joaterik ez dabenek be izango ditue txapelketea adi-adi jarraitzeko moduak. Batetik, partiduak zuzenean emongo ditue Bizkaia Frontoiaren Facebook kanalean; bestetik, ETB1ek finala emongo dau telebistaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!