Pelé hil da, futboleko 'erregea'

Bizkaie! 2022-12-30 09:45   Kirola

Askoren ustez, historiako futbolaririk onena izan zan.

Brasilgo Futbol Konfederazinoak Peléren omenez plazaratu dauen irudia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Edson Arantes do Nascimento, Pelé, futbolari brasildarra hil da, 82 urtegaz, Sao Paulo uriko ospitale batean. O Rei ezizenez ezaguna zan, futbolaren historian inoiz egon dan jokalaririk onena zalako zale eta aditu askoren ustez. Horregaitik, Brasilen ez eze, mundu osoan be oihartzuna izan dau haren heriotzeak eta erakunde zein jente ospetsu ugarik bialdu ditue doluminak.

Jokoan ikusgarria, baloiagaz abila, bizkorra eta golak egiten aseezina izan zan Pelé hogei urte baino gehiagoko ibilbidean, 1950eko hamarkadearen amaieran hasi eta 1970eko urteak arte. Hiru munduko txapelketa irabazi zituan Brasilgo selekzinoagaz (1958, 62 eta 70) eta makina bat lehiaketa Santos klubagaz, nazinoartekoak zein bere herrialdekoak.

Pelé mito bihurtu eben momentuen artean dagoz 17 urtegaz Munduko Txapelketea irabazi ebanekoa, bere-berea eban 10 zenbakia lepoan; munduko ez-golik onena, zelai erditik jaurti eta gitxigaitik sartu ez zana; eta 1970eko Munduko Txapelketan Brasilek emon eban erakustaldia. Estadu Batuetan futbol zaletasuna zabaltzeko ardurea be emon eutsen 1975ean, New Yorkeko Cosmos taldeak fitxau ebanean.

Estadistiken arabera, 1.281 gol egin zituan bere ibilbide profesionalean, ia-ia gol bat partiduko. Besteak beste, 77 egin zituan Brasilen elastikoa jantzita. Lau Munduko Txapelketa jokatu zituan, eta hamabi gol sartu.

Mundu mailako fenomenoa bihurtu zanez, futbolaz kanpoko jardueretan be ibili zan Pelé. Esate baterako, 1981eko Escape to Victory film ezagunean hartu eban parte eta Brasilgo Kirol ministro izan zan 1990eko hamarkadan. Sari eta errekonozimenduak be heldu jakozan: Mendeko Atleta (Nazinoarteko Olinpiar Batzordea, 1999), FIFAren Mendeko Jokalaria...

1940an jaio zan, Minas Gerais estaduan eta Bauru urian hazi zan, pobrezian. Gaztetan zapata-garbitzaile ibili zan, diru pixka bat irabazteko. Aita be futbolaria eban, ama etxekoandrea. Umetatik, Pelé futbol txapelketetan nabarmendu zan eta laster fitxau eban Santos talde indartsuak. Lehenengo urteak pobrezia gorrian bizi eta gero, fortuna handi baten jaube bihurtu zan, futbolaren eta Brasilen enbajadore mundu osoan. Horregaitik, samina eragin dau haren heriotzeak eta omenaldi ugari egingo deutsez hurrengo egunotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu