Alex Txikonek Manaslu igoteko ahalegina egingo dau Simone Morogaz
2022-12-26 07:54 KirolaAurreko negu bietan huts egin dau.
Munduko mendirik altuenetan zortzigarrena da Manaslu (8.163 m) eta neguan ez dau inork igon 1998tik. Mende lauren geroago, Alex Txikon alpinista lemoarrak dozena bat kideko taldea batu dau, neguko hileetan Manaslu tontorrera heltzeko. Simone Moro beteranoa izango dau alboan.
Helburua betetea ez dala erraza izango ondo baino honeto daki Txikonek: Aurreko negu bietan be ahalegindu zan Manasluren tontorrera heltzen, baina ez eban lortu. Haizea, hotza, edurra... Neguan paraje arriskutsu bihurtzen dira zortzimilako mendi guztiak.
Simone Mororen eskarmentua ezinbestekoa izango da helburua beteteko. Italiarrak, ordura arte neguan igon barik egon ziran lau zortzimilako ditu eginak. Bestetik, Manaslura hiru aldiz igon dau. Alex Txikon bera be neguko igoeretan espezialista bihurtu da, azken urteotan egin dituan espedizinoak kontuan hartuta.
Txikonen aurreikuspena da urtarrileko hirugarren astean Manasluko tontorrera heltzea, dana ondo badoa. Dana dala, eguraldiak eta edurraren egoereak goitik behera aldatu leikiez planak. Bidea zabaltzen lau xerpa ibiliko dira.
Abenduaren hasieratik Himalaian dabil Alex Txikon, proiektu bi kateatuko ditualako aurtengo neguan. Lehenengoan, Everesten Beheko Kanpalekura joan da lemoarra, garun paralisia dauen Javier Lopez Pagazaurtunduagaz. Bigarren proiektua Manaslukoa da: hirugarren ahaleginean heldu nahi dau Txikonek mendi horren tontorrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!