'Tula' film labur arabarra, Oscar Sarietako lehian

Bizkaie! 2022-12-23 11:07   Zinemea

Hamabost hautagaien artean dago Beatriz de Silvaren lana.

2023ko zezeilean egingo dabe Oscar Sariak emoteko galea, Los Angelesen. Pixkanaka, azken hautagaien zerrendak zehazteko faseak aurrera doaz eta euskal produkzino bat sartu da aukeratuen artean: Beatriz de Silvaren Tula film laburra.

Los Angelesko galan bost hautagai egongo dira film laburrik onenaren Oscarra irabazteko. Moltso txiki horretan egoteko 15 hautagaietako bat da Tula. 200 pelikularen artean aukeratu dau batzorde batek produkzino arabar hori. Orain, Holywoodeko Akademiako kideek erabagi behar ditue bost finalistak. Urtarrilaren 12an jakingo dogu Tula-k azken fasea pasau dauen.

Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzinoagaz sortutako komedia da Tula, Gasteizen bertan kokatua. Beatriz de Silva da zuzendari eta gidoigilea; aktore nagusiak Tamara Barbés eta Eider Gonzalez dira. Umorezko pelikulea dan arren, Tula-k gai pisutsuak jorratzen ditu, esate baterako, sexu-heziketea.

Ikastetxe bateko nesken komunean jazoten da filmeko istorio osoa. Emakumeen espazioa da hori, euren bildur, ardura, lotsa, deskubrimendu eta laguntasunak alkarregaz konpartiduteko gunea. Protagonista biek, hain zuzen be, komunean topauko dabe euren arteko konplizidadea: Tula ikastetxeko garbitzailea da eta, komuneko intimidadean, zentroko zuzendariaren 14 urteko alabeak autortu deutso umedun dagoala.

Beatriz de Silvaren lehenengo filmak sari ugari irabazi ditu azken hileotan. Esate baterako, atzerriko film laburrik onena izan zan Annual Lady Filmmakers Festival-en. Orain, Oscar Sarietan biribildu leike jaialdietan hasitako ibilbidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu