Euskadiko futbol amateurraren ligak kiroltasunez jokatzen dira

Bizkaie! 2022-12-20 08:27   Kirola

10etik 8,46ko puntuazinoa jasoten dabe.

Kiroleko Indarkeriaren kontrako Euskal Batzordea batu da 2022ko jarduerearen balantzea egiteko. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagagaz batera, bilerearen buru. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Segurtasun saileko Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, EUDEL, Euskal Kirol Federazinoen Batasunak, federazinoek edo kirol esparruan zeresana daben hainbat adituk osotzen dabe Kiroleko Indarkeriaren kontrako Euskal Batzordea. Ondokoak dira Batzordearen helburu nagusiak: Euskal kirolean dagoan indarkeriaren egoereari buruzko informazinoa emotea, kirol jardun egokia bultzatzea, indarkeriazko jarrera eta jokabideak prebenidutea eta kirol jardunari lotutako balioen hezkuntzea bultzatzea.

Kiroltasuna

Kiroleko Indarkeriaren kontrako Euskal Batzordean, Euskadiko Futbol Federazinoagaz lankidetzan egiten dan futbol amateurreko indarkeriaren monitorizazinoari buruzko datuak aztertu dira. Monitorizazino-sistema horren bidez, indarkeria portaerak prebeniu nahi dira, bai parte hartzen daben taldeetako jokalarien eta entrenatzaileen aldetik, bai hareen inguruko zaleen aldetik be. Monitorizazino programa honetan ebaluetan diran futbol lehiaketak liga bi dira: Hirugarren Mailako 4. Multzoa eta Jubenilen Ligea.

2021-2022 denporaldian, lehiaketak barriro atondu dira 2020-21 denporaldiaren aurreko sasoien antzera eta 37 talde eta 652 partidu ebaluau dira (partiduen % 100). Partiduaren kiroltasun-puntuazinoa arbitroak jarten dau, partidua ebalueteaz arduratzen dauenak. Emoitzak aztertu ondoren, Euskadiko futbol amateurreko ligak kiroltasunez jokatzen dirala ikusi da eta kirol-ligak dirala. Kiroltasunari jagokonez, puntuazinoa 8,46koa izan da 10etik. Puntuazio hori aurreko denporaldietakoa baino apur bat txikiagoa da baina kontuan izan behar da pandemiak markautako denporaldiak dirala biak.

Gainera, kiroltasunik bako partidu kopuruak behera egin dau aurreko denporaldiakaz konparauta: 2019-2020 denporaldian, epaileek kiroltasunik bakotzat jo zituen partiduen % 18 izan ziran; 2020-2021 denporaldian, % 7; eta 2021-2022 denporaldian, ebaluautako partiduen % 7.

Kirol profesionala

Bileran, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzeak aurkeztutako 2022ko jarduera memoria be aztertu da (2022ko abenduaren 1era arteko datuak). 2022an 184 zehapen- espediente edegi dira kirol profesionalean. 2020 eta 2021. urteak kirol-estadio eta esparruetan publikoaren sarrera mugatuta edo kasu batzutan, debekatuta egon da eta horrek eragina dau urte horreetako datuetan. Honako honeek dira aurreko urteetako zehapen-espedienteetako datuak:

Espediente bat edegiteko arrazoi nagusiak burrukak/erasoak/ordena publikoa asaldatzea (68 espediente), kirol-esparruetan alkohola sartzea eta konsumidutea (55 espediente), drogak kirol-esparruetan sartzea eta konsumidutea, 30 espediente eta objektuak eta material piroteknikoa jaurtitea (11 espediente) izan dira. 2022an hasitako espedienteen % 100 futbol-partiduetan egin dira. Edegitako 184 zehapen-espedienteetatik % 92 norbanakoie eta % 8 klubei edegi jakez.

Lurraldeka, datuak honako honeek dira: Araban persona biri eta klub biri edegi jake espedientea; Bizkaian 39 persona eta 4 klubi eta Gipuzkoan 129 persona eta 8 klubi. Gainera, 52 espediente edegi jakez Estadutik etorritako personei, eta sei, barriz, atzerritik datozenei. Genero-ikuspegitik, partikularrei edegitako zehapen-espedienteen % 95 gizonezkoei edegitakoak dira.

Formazinoa

Kirolarte monitorizazino-programeari lotuta, Euskadiko Futbol Federazinoaren babespeko ligen barruan, unidade didaktikoak jorratzen dabiz, jokalarien eta teknikarien tolerantzia, errespetu eta fair-play balioetan prestakuntzea indartzeko. Denporaldi honetan zehar, Kirolaren Euskal Eskolak programan parte hartzen daben 12 taldetako batzorde teknikoen eskura jarri dau Oinarrizko futbolean balioak sustatzeko plataformea. Plataforma hau gida didaktiko bat da, talde teknikoei tresna praktikoak emoten saiatzen dana, kirol-jardueran parte hartzen daben eragile danakaz balioak landu ahal izateko.

Era berean, programan parte hartzen daben taldeei tailer bat egitea pronidu jake, aurrez aitatutako plataformearen funtzionamendua azaltzeko eta taldeko kideakaz balioak jorratzeko bideratutako entrenamenduaren adibide praktiko bat egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu