'Breakadventure' da 2022ko Zinetika Jaialdiko lanik onena
2022-12-19 09:41 ZinemeaZuzendaririk onena, Shawn Fitzgerald Ahern.
Bilbon, Donostian eta, azkenik, Iruñean saioak egin eta gero, amaitu da 2022ko Zinetika, ikus-entzunezkoak eta bestelako arte adierazpideak buztartzen dituan jaialdia. Zazpigarren edizino honetako palmaresean, Igor Krasik-ek zuzendutako Breakadventure film labur alemaniarra da izarra, pelikularik onenaren saria irabazi dau eta.
Jantzariaren jarrerea izozteko eta gerora mobimentua emoteko proposamena da Breakadventure-k dakarrena, minutu bakar batean ondo-ondo laburtuta. Abstrakzinoa, papelaren manipulazinoa, mobimentuaren sintesia eta soinua dira piezearen oinarriak.
VII. Zinetikako zuzendaririk onenaren saria, ostera, Shawn Fitzgerald Ahern-ek irabazi dau, Au mur de la mer filmagaitik. Azkenik, epaimahaiaren aitamen berezia Irango Katayoun Parmar zinemagilearentzat izan da, Yellow Line pelikuleagaitik.
Aurtengo edizinoko epaimahaian Maitena Muruzabal, Mikel Belascoain eta Marina Lameiro egon dira.
Sail Ofizialetik kanpoko beste atal batzuetan be saritu ditue ikus-entzunezkoak. Esate baterako, Kresala Zineklubaren K Saria Kati Kallio finlandiarraren Walks with me film laburrak irabazi dau. Bestelako Argiak zikloan parte hartzeko aukeratutako film laburrak, ostera, honeek izan dira: Breakadventure (Igor Krasik, Alemania), Unfolding (Noelia Pignatto, Argentina), Anamnesis (Evaggelia Lousioti, Grezia) eta Uholdeak (Olatz Larunbe).
Hiru egoitzatan egin dabe aurten Zinetika, zemendiaren 18tik abenduaren 4ra. Lehenengo, Bilbora heldu zan jaialdia, Guggenheim Museora, TopARTE programearen barruan eta museoaren 25. urteurrenagaz bat.
Donostian, Euskadiko Arkitektura Institutuan eta Trueba Zinemetan izan ziran saioak. Azkenik, Iruñeko Kondestable Jauregian be egin dabe Zinetika. Programazinoan proiekzinoak, masterclassak eta performancea egon dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!