Jon Rahm: Bizkaitar Argia
2022-12-16 08:50 KirolaJonek ames egin dau, baina, batez be, lan egin dau.
Goraipamen horren bidez, pertsonak, erakundeak edo herritar-taldeak nabarmendu nahi dira, Bizkaia eta haren balioak sustatzeko egindako ekarpenagaitik. Orain sei urte emon eben azkenekoz, Rahmek bere ibilbide profesionalari ekin eutsonean, hain zuzen be; gogoratu 2020an munduko lehenengo postuan sailkatu zala (hori lortu dauen Estaduko bigarren jokalaria izan da, Severiano Ballesterosen ondoren).
Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Bizkaitar Argiaren dominea emon deutso Jon Rahmi, Rementeriaren hitzetan, sari aparta bizkaitar aparta zarelako Rahm.
Sorterrian erro sendoak izanik mundu osoan hazitako gizona da. Holan, izakera hori inspirazino-iturri izan da aldundi honentzat: Bizkaian sustratituta egon arren, mundura edegita eta konektauta dago. Jon Rahmek hori islatzen dau. Maila goreneko kirolaria, bost kontinenteetan ezaguna eta joaten dan leku guztietan miretsia. Erreferentea eta ispilua da, baina harrotasunez beti aitatzen ditu Bizkaia eta Barrika. Munduko bizkaitar bat da. Hori da Jon Rahm niretzat, gure ustez Bizkaitar Argia izentau beharreko bizkaitar aparta, azaldu dau Ahaldun Nagusiak.
Unai Rementeriak gogorarazo dau saria orain sei urte emon zala azkenekoz, golf-jokalari profesional lez hasi zanean. Adierazo dauenez, sei urte honeetan egindako esfortzuari eta lanari esker, trabak gaindituz, kirolari batek amestu leiken momentura heldu zan: Amesak ames dira, bai, baina egunez egun landu behar dira, bai kirolean, bai Administrazinoan, bai bizitzan oro har. Hola, Jonek ames egin dau, baina, batez be, lan egin dau. Hori da, hain zuzen be, gaur autortu gura doguna, munduko bizkaitarra dogula, arrakastatsua, horretaz harro dagoana; lan handia egin dauen bizkaitarra, ekin eta ekin ibili dana, inoiz atzera egin ez dauena. Gure herriaren eta lurraldearen balio nabarmena da hori eta holan jarraitu behar dau. Balio hori zabaltzen eta helarazoten jarraitu behar dogu, batez be gure gazteen artean eta horrregaitik, garrantzitsua da ispiluaren beste aldean Jon lako gaztea ikustea, azpimarratu dau.
Jon Rahmen ibilbidea
Jon Rahm Barrikan jaio zan, 1994ko zemendiaren 10ean eta gure lurraldearen enbaxadore handia da baina familiakoakaz zein lagunartean egoteko bueltetan da ahal dauen guztietan. Lan-jarduerea Bizkaitik urrun egiten badau be, beti agertu da prest Bizkaian golf-jokalari gazteen artean kirol hau sustatzeko jardueretan nahiz gizarte-inklusinoko proiektuetan parte hartzeko.
Aitagandik jasotako golfa maite dau; 1997an, Valderraman egindako Ryder Cup txapelketara joan eta sano harrituta geratu zan Europako taldeak irabazi ebanean; aurrerago Larrabea Golf Klubeko bazkide egin zan (Landa, Araba). 2004an, Jon Rahmek lehen urratsak emon zituan Martiartu Kirol Klubean (Erandio) eta, ondoren, bere aita bazkide egin zan klubean. Oso txikitatik nabarmendu zan lurraldeko, autonomia-erkidegoko eta Estaduko txapelketetan eta, ondorioz, Espainiako Errege Federazinoak bere taldeetan sartu eban.
Egindako kirol-ibilbide bikaina eta erakutsitako talentua dirala-eta, Arizonako Estadu Unibersidadeak, AEBko golf-akademia ospetsuenetako baten egoitzan, ikasketa-beka bat eskaini eutson. Rahm 2012ean hasi zan unibertsidade horretan eta bertan 4 urte emon zituan, makinataux bat txapelketa irabazi zituan tartean, ondoz ondoko alditan Ben Hogan sari ospetsua irabazi eban, golf-jokalari amateur onena autortuz (ordura arte ez eban beste jokalaririk hori lortu) eta 50 astez egon zan munduko amateurren sailkapenaren lehenengo postuan; holan, markea lortu zuen, ondoz ondoko aste-kopururik handienean egon baitzan postu horretan.
2016an, Open USA txapelketan amateur onena izan ostean, esparru profesionalera egin eban salto eta hor zazpi garaipen lortu zituan PGA TOUT txapelketetan eta zortzi European Tour-ean. Golf-jokalari profesional lez egindako ibilbidean, honako mugarri honeek dira aitatzekoak: 2020ko garagarrilean lehenengo postua lortu eban PGA golf-txapelketako munduko sailkapenean, Memorial Tournament (Ohio) irabazi ostean (hori lortu dauen Estatuko bigarren kirolaria izan da, Severiano Ballesterosen ondoren eta bosgarren gazteena, Tiger Woods, Thomas, McIlroy eta Spiethen ondoren); 2021eko bagilean, lorpen gogoangarria izan eban, AEBko Irekia irabazi eban Estaduko lehen golf-jokalaria izan baitzan. 2020an, Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko hautatu eben baina azkenean ezin izan eban parte hartu zorioneko COVID-19 horretan positibo emoteagaitik.
Gaur egun, munduko sailkapeneko bigarren postuan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!