Donostiako Zinemaldiaren artxibo historikoa eskura

Bizkaie! 2022-12-14 12:31   Zinemea

70 urteotan batutako 4.000 agiri inguru konsultau leitekez.

Madrilen egin dabe proiektuaren aurkezpena (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiaren artxibo historikoko dokumentuak eskuragarri ipini ditue, aurrez aurre zein online ikusteko, artxiboa.sansebastianfestival.com webgunean. Jaialdiaren zazpi hamarkadako ibilbidearen lekuko diran 4.000 agiri baino gehiago dagoz bertan: korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…

Horrezaz gan, webguneak 27.000 deskripzino-fitxa baino gehiagoko katalogoa dakar. Fitxen bidez materialak aztertu ahal izango dira, irakaskuntzako eta ikerketa arloko profesionalek eta espezialistek eskatu ezkero.

Elias Querejeta Zinema Eskoleagaz alkarlanean 2018an hasitako Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren lehen fasearen emoitzea da artxiboa. Hasiera-hasieratik, 1953ko edizinotik, gorde dan artxibo aberatsa konserbau, ikertu eta gizarteratzeko helburua dau proiektuak.

Webguneak atal ugari ditu. Esate baterako, 70 edizioak izenekoan, urte bakotxeko datuak datoz. Ikerketak atalaren barruan, besteak beste, gaur egunera arte egindako argazki-erakusketak eta Zinemaldia 70 egitasmoak sustatutako programa publiko guztien informazinoa dator, formatu digitalean.

Aitatzekoa da, bestetik, Hilabeteko dokumentua atalean Zinemaldiagaz lotutako egunkariak, kartelak eta argazkiak batu dituela. Katalogoa atalean, publiko orokorrari eta profesionalei zuzendutako bilatzaileak dagoz; azkenik, Bisitatu eta kontsultatu artxiboa dalakoan emoten ditue materialak online nahiz aurrez aurre eskuratzeko moduei buruzko azalpenak.

Agiriok aurrez aurre konsultetako eskaria egiten daben norbanakoek Euskadiko Filmategiaren egoitzan egin ahal izango dabe hori, horretarako egokitutako gelan. Erakunde hori be proiektuaren laguntzailea da.

Proiektuaren lehen fasearen helburu nagusia izan da artxibo bizia sortzea, Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako gune bat, pentsaera, ikerketa eta sorkuntza garaikidearen inguruko alkarrizketa kritikoetara edegia. Horretarako, EQZEko graduondoko ikasleek zehaztutako ikerketa-ardatzak erabili ditue, Pablo La Parra Pérez ikertzailearen gidaritzapean.

Zinemaldiaren historian oso ezagunak ez diran edo argitaratu ez diran alderdietan jarri dabe arretea: Francoren diktadurearen zentsurea; Transizinoaren urteetako eraldaketak; historia ikuspegi kritiko eta feministatik berrikustea argazki-ondarearen bitartez; ikasleen eta zinema-eskolen parte-hartzea; eta beste asko.

Artxiboaren webgunearen lehenengo aurkezpena Madrilen egin dabe, Zinemaldiko arduradunak zein babesle eta laguntzaileak bertan dirala. Donostian, ostera, hilaren 17an, zapatuan, egingo dabe aurkezpena. Tabakaleran da hitzordua, 16:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu