Zinemea eta Everest buztartu dituan Michael Dillon, Bilbon
2022-12-14 09:28 ZinemeaThe Boy Who Dared estreinauko dau gaur XV. Mendi Film Festival-en.
Munduko tontorrik altuena, Everest, izan da Michael Dillon zinemagile australiarraren ibilbideko protagonista nagusia. Ondo ezagutzen ditu Everesteko espedizinoak eta hango gizartea, baita alpinismoaren aitzindari izan ziran mendizaleen abenturak be. Horregaitik, saria emongo deutse Bilbon, XV. BBK Mendi Film Festival jaialdian.
International Alliance for Mountain Film alkartearen urteko Sari Nagusia jasoko dau Dillonek. Hitzordua barikuan da, hilaren 16an, BBK Salan, baina lehenagotik be izango dogu australiarraren obreaz gozetako modua.
Izan be, gaur, eguaztena, Everest-The Boy Who Dared ikusi ahal izango dogu BBK Salan bertan (19:30), Dillonek amaitu barri dauen lana. Honako hau izango da pelikulearen mundu mailako estreinaldia.
Christopher Harris da The Boy Who Dared filmeko protagonistea. Lau urtegaz hatxean eskaletan hasi zan, eta hamahiru urtegaz, Australia, Zelanda Barria, Afrika eta Europako mendirik altuenak igon zituan. Hamabost bete orduko, Aconcagua igon eban, eta orduan hasi zan Everesten pentsetan. Hamabost urtegaz Everest igoteko gai izan ete zan? Aita eta biak hori argitzera joan ziran Himalaiara.
Barikuko ekitaldian, ostera, Everest Sea to Summit emongo dabe BBK Salan (19:30). Michael Dillonen lan hori mendiko zinemagintzearen historiako pelikularik sarituena da.
Michael Dillonen ibilbide oparoa ezin da ulertu Edmund Hillary mitikoagaz izandako loturea ezagutu barik. Everest lehenengoz igon eban gizonaren kameralari izan zan 25 urtez Dillon, eta horrek ospea emon eutsan. Ganera, talde australiarrek Everestera egindako hiru espedizinotan ikus-entzunezko irudiak hartu zituan.
Zinemagilea ez eze, abenturazalea be bada Dillon. Himalaian ez eze, Antartikan, Siberian, Andeetan... ibili da espedizinoetako irudiak grabetan. Londrestik Sydneyra taxian egindako bidaia baten parte be izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!