2023ko Ikusmira Berriak programan izango dira Maddi Barber eta David Perez Sañudo

Bizkaie! 2022-12-13 08:22   Zinemea

Sameh Alaa, María Alché, Naomi Pacifique eta Hikaru Uwagawa dira beste aukeratuak.

'Erasmus baten azken gaua Erroman' (David Pérez Sañudo). | Ikusi handiago | Argazki originala

Proiektu zinematografikoak babestu eta gauzatzen laguntzeko, bederatzigarren aldiz egin dabe Ikusmira Berriak programearen deialdia Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta Zinema Eskoleak eta Tabakalerak. 2023an sei egitasmo lagunduko ditue, tartean Maddi Barber nafarrarena eta David Perez Sañudo bizkaitarrarena.

Mundu guztiko 348 proiektu aurkeztu dira aurtengo deialdian. Barber eta Perez Sañudogaz batera, Sameh Alaa egiptoarra, María Alché argentinarra, Naomi Pacifique suitzarra eta Hikaru Uwagawa japoniarra dira beste aukeratuak.

Honeek dira euren proiektuen izenburuak: Basoko argiak (Maddi Barber), Erasmus baten azken gaua Erroman (David Pérez Sañudo), I Can Hear Your Voice… Still (Sameh Alaa), Te amo y hoy todo es hermoso (María Alché), After the night, the night (Naomi Pacifique) eta Ulysses (Hikaru Uwagawa).

Euren pelikulak sortzen laguntzeko, hainbat jardueratan parte hartuko dabe sei zuzendariek. Esate baterako, egonaldia egingo dabe, martian hasita, Tabakaleran. Egile bakotxaren preminetan oinarrituta, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalen eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko ditue. Ondoren, egoiliar bakotxari 10.000 euroko laguntzinoa emongo deutse, egonaldi bien artean euren proiektuetan lanean jarraitu ahal izateko.

Irailean, Zinemaldiagaz batera, Donostiara bueltauko dira, bigarren egonaldira. Fase horretan, industriako profesionalei aurkeztu ahal izango deutsiez proiektuak, eta, agenda pertsonalizaduaren bidez, euren proiektuetan parte hartu nahi daben personakaz alkartzeko aukerea izango dabe. Elamedia Euskadi enpreseak Postprodukzinoko Elamedia Euskadi Saria emongo deutso  proiektuetako bati.

Donostiako Zinemaldiko arduradunek dinoe Ikusmira Berriak gero eta sendoago dagoala, eta horren erakusgarri da 2022an nazinoarteko jaialdietan programako hiru proiektu estreinau dirala. Aitatzekoa da Manuel Abramovich eta Mikel Gurrea Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu diran Ikusmira Berriak programako lehenengo zinemagileak izan dirala: Pornomelancolía (Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria) eta Suro (Euskal Zinemaren Irizar Saria eta FIPRESCI Saria) filmak egin ditue, hurranez hurran.

2015eko lehenengo edizinotik, Ikusmira Berriak programeak 38 proiektu garatzen lagundu dau eta horreetatik 16 amaitu dira (ganerakoak garapen-fasean dagoz). Sari garrantzitsuak irabazi ditue nazinoartean, esate baterako, Arantza Santestebanek (918 gau) Torinon eta DocLisboan Sail Ofizialeko film onenaren saria eta Nafarroako Punto de Vistan aitamen berezia. Kiro Russok Epaimahaiaren Sari Berezia lortu eban Veneziako Orizzonti sailean El gran movimiento filmagaz. Helena Girón eta Samuel Delgadoren Eles transportan a morte Veneziako Kritikearen Asteko Ekarpen Tekniko Onenaren irabazle izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu