Clara Azurmendik zidarrezko dominea irabazi dau Kanadan
2022-12-12 10:24 KirolaBinakako badminton lehiaketan finalera heldu da, Bea Corralesegaz batera.
Kanadako Nazinoarteko Challenge lehiaketan lan bikaina egin dau Clara Azurmendi badminton-jokalari gipuzkoarrak. Bea Corrales kideagaz batera, binakako proban finala jokatu dau, Annie eta Kerry Xu amerikarren kontra, eta, galdu arren, zidarrezko dominea ekarriko dau etxera, Basque Team-ek zabaldu dauenez.
Eguenean hasi ziran lehian Azurmendi eta Corrales, 16 onenen kanporaketan. Lehenengo fasean Emma Meng eta Ashley Wong kanadarrei 21-14 irabazi eutsien eta, barikuko kanporaketan, erraz antzean ibili ziran, 21-12 eta 21-7 Chloe Choi eta Sophia Nong kanadarren kontra.
Finalaurrekoetan hasi ziran bene-benetako zailtasunak Azurmendi eta Corralesentzat. Finalean sartzeko partiduan estu-estu irabazi eben, 21-18, 9-21 eta 21-19. Garaipen horri esker, dominea ziurtatu eben, baina azken saioan ezin izan eben urrezkoa eskuratu, Annie eta Kerry Xu hobeak izan ziralako (21-15, 15-21 eta 14-21).
Kanadakoa denporaldi honetako bigarren zidarra dau Clara Azurmendik, Peru International Challengean irabazi eban lehenengoa. Finalean erretirau behar izan zan Perun, eskumako orkatilea bihurritu ebalako.
Bakarkako modalidadean be jokatu dau Clara Azurmendik Kanadako Challengean. Kasu horretan, 16 onenen kanporaketara heldu zan. Hurrengo hitzordu garrantzitsua abenduaren 15ean izango dau, Suitzako Genevan, taldekako Europako txapelketa mistoa.
Amagoia Arrieta, Brasilen
Boccia kirol egokituan be, Basque Teameko ordezkari bat egon da Rio de Janeiroko Munduko Txapelketan parte hartzen, Amagoia Arrieta hain zuzen. Dominaren bat irabazteko lehian ia azkenera arte ibili bada be, bosgarren postuagaz konformau behar izan dau debarrak.
Faboritoen artean egon da BC1 modalidadean, izan be, emoitza onak lortu izan ditu azkenaldion: zidarra 2021eko Europako Txapelketan, urrea Erromako Munduko Challenge-an...
Rio de Janeiron, Arrieta bigarren izan zan D moltsoan, Aurelie Aubert frantziarrari irabazita (7-0) eta Yuriko Fujii japoniarraren kontra galduta (2-3). Final laurenetan Yee Ting Jeralyn Tan singapurtarra izan eban zain, eta bigarren partzialean 2-1 aurretik jarri arren, asiarrak garaipena lortu dau azken jokoaren azken bolan (2-3).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!