Durangoko 'EztanDA!' urte osora zabaltzeko deia
2022-12-12 07:45 KultureaEguena izan zan egunik jentetsuena.
Aurreikuspenak bete dituenez, pozik dagoz Gerediaga Alkarteko kideak, 57. Durangoko Azokeak emon dauenagaz. Pandemiaren osteko normaltasunera bueltan, jenteak erantzun ona emon dau, eta hori igarri da Landakon zein beste guneetan, baita salmentetan be. Ospatzeko urtea izan da, barriro alkartzekoa, kulturearen plazeari barriro bizia emotekoa, dinoe Gerediagakoek.
Azokan era batean edo bestean parte hartu dabenei eskerrak emoteaz gan, abenduko lehenengo egunotako EztanDA! urte osora zabatzeko deia egin dabe, Azokea ez daiten oasia izan, Durangon sentidu dogun komunidadea zabaltzen jarraitu daigun.
Bost egunekoa izan da aurten Durangoko Azokea. Gerediagakoen arabera, dan-danetan egon da jente piloa, baina betekadarik handiena eguenekoa izan zan. Salmentei jagokenez, erakusmahaiak ipini dituen eragile gehienak poz-pozik dagoz, produktu asko saldu dituelako, pandemiaren aurreko urteen pare; kasu batzuetan, zifra hareek gainditu be bai.
Landako Gunean egunero-egunero egon da bisitarien joan-etorria, eta beste guneetan aforoa guztiz bete da behin baino sarriago. Aparkalekuetatik Landakora joateko autobus-zerbitzu berezia handitu egin behar izan eben, eskariagaitik.
Aurrez aurreko salmentea eta online dendea buztartzearen alde egin dabe, baina kulturzaleek presentziala nahiago dabela garbi geratu da. Online dendako kopuruek behera egin dabe: 434 eskaera egin dira, 1.685 produktu eskatzeko.
Gazteentzako beren-beregi atondutako hitzorduen kontura be, gustura geratu dira antolatzaileak. Ikasle Goiza berreskuratu dabe aurten: Pozgarria da ikasleak barriro be euskal kulturearen plazan ikustea, horrek transmisinorako dauen garrantziagaitik. Bestetik, barikuan, Gazte Eztanda egon zan, gazteak erakarteko bide barrian lehenengo pausua.
Bisitariek gehien eskertu dituen barritasunen artean, musika-taldeen nobedadeak batzen dituen QR kodeak aitatu behar dira. Kabi@ gunean, Gamer Gelak erantzun bikaina izan eban. Irudienean, Paul Urkijoren Irati filmak erakarri dau ikuslerik gehien; Saguganbaran, Ene Kantak saioak.
Ohiko moduan, Ahotsenean be jente ugari ibili zan, batez be, musikearen alorrean. Kasu askotan, aforoa bete zan. Plateruenan egon da aurten Ahotsenea musikala, laster urte osoko programazinoa eta funtzionamendua berreskuratuko dituan eraikinean hain zuzen.
57. Durangoko Azokearen egunak amaitu diran arren, Gerediagak gogoratu eragin dau Zu non, han DA! ekimena martxan egongo dala gaurtik: Euskal Herriko 132 saltokitan Azokako nobedadeak eskainiko ditue eta, aurten lehenengoz, zuzeneko 45 aurkezpen be egingo ditue. 58. Durangoko Azokea 2023ko abenduaren 6tik 10era izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!