Irakurzaletasuna bultzatzeko proiektua dakar Garoa liburu-dendeak

Bizkaie! 2022-12-08 12:37   Kulturea

Hilero-hilero, album ilustraduak eta gurasoentzako jarraibideak jasoko ditue harpidedunek.

Ibai Arrillaga, Durangoko Azokan | Ikusi handiago | Argazki originala

Zarauzko Garoa liburu-dendeak, 50 urteurrena betetear dagoan ezkero, Euskal Herri guztiko ume eta familiei begirako proiektua ipini dau martxan, Paperezkoak izenekoa. Umeen artean euskeraz irakurteko zaletasuna eta ohiturea zabaltzea da asmoa, eduki erakargarri eta irudimentsuen bidez.

Berez, harpidetza bidezko produktua da Paperezkoak. Hilero-hilero, harpidetzea egiten daben familiek kutxa edo kaja bat jasoko dabe. Barruan, album ilustradu bat, gurasoek erabilteko irakurketa-gidea, opariak eta olgetarako materiala topauko ditue. Edukia sorpresea izango da, zabaldu arte ezin izango da jakin ze istorio edo olgeta dakarren hile horretako kutxeak.

Durangoko Azokan erakusmahaia jarri dabe Paperezkoak proiektuaren bultzatzaileek, produktuari zabalkundea emoteko plaza aproposa dalakoan. Garoa liburu-dendako kide Ibai Arrillagak azaldu deuskunez, hileroko album ilustraduak barriak izango dira, Paperezkoak-en harpidedunentzat beren-beregi sortuak. Argitaletxe ugariren laguntzinoa izango dabe horretarako.

Bestetik, hile bakotxeko edukiakaz lotutako podcastak be plazaratuko ditue. Kutxan bertan dago horreek entzuteko QR kodea. Podcasteko personaia nagusi bien ahotsak Iñaki Beraetxe aktoreak eta Maider Gorostegi irrati-esatariak egingo ditue.

Arrillagak kontau deuskunez, 2 eta 7 urte bitarteko umeentzat da egokia Paperezkoak. Familia askok era horretako edukien hutsunea sumatu dabe, batez be, euskeraz. Horregaitik, guraso askorentzat lagungarri izango dalakoan dagoz.

Harpidetzea webgunearen bidez egin leiteke (hemen). Badago epe jakin bateko harpidetzea beste bati oparitzeko modua be. Hasieran, Zarauzko dendan, familien artean zabaldu eben Paperezkoak, baina konturatu ziran liburutegi eta ikastetxeetatik be galdezka joaten hasi jakezela. Hortaz, familientzat ez eze, umeen hezkuntzearen alorrean dabizan eragileentzat be produktu interesgarria da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu