Kepa Junkeraren berbizkundea zinema-aretoetara heldu da
2022-12-02 13:05 ZinemeaGaur, abenduak 2, estreinauko dabe Fermin Aioren filma.
2018an iktusa izan ebanean, hondoa jota egon zan Kepa Junkera, baina berbizkundearen lehenengo pausua be orduan egin eban. Pixkanaka, trikitixea barriro joteko ahaleginari ekin eutsan, eta Fermin Aio zinemagileak batu dau prozesu guztia. Emoitzea, Kepa Junkera berpiztu filma da (Barton Films), jaialdietako publikoaren txaloak jaso dituan lan hunkigarria.
Jaialdirik jaialdi ibili eta gero, orain zinema-areto komertzialetako ibilbidea hasiko dau Aioren pelikuleak. Estreinaldia gaur, abenduak 2, egingo dabe, Euskal Herriko eta kanpoko hainbat aretotan. Hurrengo asteetan, beste herri ugaritan be gozau ahal izango dabe ikus-entzunezko harrigarri honek dakarren kontakizunaz.
Besteak beste, Bilboko Multi aretoetan, Gasteizko Floridan, Donostiako Principen, Iruñeko Golemen, Elgoibarko Herri Antzokian eta Bergarako Herri Antzokian ikusi ahal izango da Kepa Junkera berpiztu hurrengo egunetan. Datorren barikuan, Durangon, Lekeition, Bermeon eta Azkoitian estreinauko dabe eta abendua amaitu baino lehen beste herri ugaritara helduko da. Egitarau osoa beheko irudian:
Dokumental luzearen formatua aukeratu dau Fermin Aiok Kepa Junkeraren berbizkundea kontetako. Iktusaren errehabilitazinoan dabilen artean, ikertzen eta sortzen segidu dau musikariak, ahal izan dauen neurrian.
Kepa Junkeraren ondarea berreskuratzeko ahalegin honetan, musikariaren eta haren familiaren laguntzinoa izan dau Aiok. Oliene baserrira joan zan dokumentalaren gidoilari eta zuzendaria, eta hango armairu batean topau eben artxibo dotorea erabili dau, besteak beste.
Ganera, musikari bilbotarragaz lan egin daben artista ugariren lekukotzak be batu ditu Aiok. Mundu osoan ibili da zuzendaria, Junkerak be kontinente guztietan topau zitualako bidelagunak. Esate baterako, Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak entzungo doguz dokumentalean berbetan.
Junkeraren ibilbide oparoa berrikusteaz gan, musikaria orain zertan dabilen be kontetan dau filmak. Aioren esanetan, beti ezaugarri izan dauen erupzinoan sartzear dagoan sumendiaren indar horri eusten deutso oraindino. Errehabilitazinoaren momenturik txarrenak pasauta, proiektu barriak sortzen hasi da barriro. Birgaitze prozesuan, bere ondarea ordenatzeko ahaleginean eta barriro presente izateko saiakeran transmitiduten dauen emozinoa atzemotea izan da zuzendariaren helburuetako bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!