Alauda Ruiz de Azuaren 'Cinco lobitos', Feroz Sarietako faboritoen artean

Bizkaie! 2022-11-25 12:43   Zinemea

Euskal artista ugari dagoz 2022ko edizinoetako hautagaien artean.

Espainiako Prentsearen Feroz Sarien 2022ko edizinoan Euskal Herriko hautagai ugari dagoz, baina bat nabarmendu da beste guztien ganetik: Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren Cinco Lobitos. Zazpi izendapen ditu, besteak beste Film Dramatikorik Onena eta Zuzendaririk Onena kategorietan.

Aurtengo edizinoko faborito nagusia Rodrigo Sorogoyenen As bestas da, hamar izendapenegaz, baina zerrenda horretan bigarren dago Cinco Lobitos. Film dramatiko eta zuzendaririk onenaren sariez gan, emakumezko aktorerik onenaren (Laia Costa), taldeko aktorerik onenaren (Susi Sánchez Abellán eta Ramón Barea), gidoirik onenaren eta musikarik onenaren (Arantzazu Calleja) Feroz sariak irabazi leikez Ruiz de Azuaren lanak.

Euskal egileak edo produktoreak dituen beste film batzuek be batu ditue izendapenak, Cinco lobitos-en gerizpean geratu diran arren. Karra Elejalde arabarra nabarmentzekoa da, Gizonezkoen Aktorerik Onena kategorian hautagai dalako, Vasil-en egindako beharrari esker.

Telesailen alorrean be badagoz euskal jatorriko hautagaiak. Esate baterako, Bilbon errodautako Intimidad telesail dramatikorik onena izateko lehiatuko da, eta horko aktore nagusia, Itziar Ituño, eta aktore laguntzaileetako bat, Patricia López Arnaiz, be hautagaien artean dagoz, baita gidoigileak be (Verónica Fernández, Laura Sarmiento eta José Luis Martín).

Zerrendan topauko doguz, ganera, euskal parte-hartzea daben La consagración de la primavera filma eta No me gusta conducir telesaila.

Feroz Sarietarako hautagaien zerrenda osoa hemen.

Feroz Sariak emoteko galea 2023ko urtarrilaren 29an egingo dabe, Zaragozan. Orduan jakingo dogu hautagaitza horreetatik guztietatik euskal sortzaileek zenbat sari irabazten dituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu