'Gabi, 8 urtetik 13 urtera', euskeraz zinema-aretoetan

Bizkaie! 2022-11-25 08:54   Zinemea

Gaur, barikua, estreinauko dabe film suediarra.

Publiko gaztearentzako pelikulea helduko da gaur, hilak 25, Hego Euskal Herriko zinema-areto batzuetara, euskerara bikoiztuta, Zineuskadi erakundearen Zinema Euskaraz programearen bidez. Gabi, 8 urtetik 13 urtera Engeli Broberg zuzendari suediarraren lana da eta nazinoartean sari ugari irabazi ditu.

Nerabezaroaren gaia lantzen dau filmak. Pantaila handian gitxitan agertzen dan gaia danez, euskerazko aisialdiaz gozeteaz gan, gogoetarako eta euren burua hobeto ezagutzeko aprobetxau leike aretoetara doan publiko gazteak. Zinema Euskaraz programako pelikulak ia beti edade guztietarako aproposak diran arren, kasu honetan zortzi urtetik gorakoentzat baino ez da gomendagarria.

Gabi izeneko mutil baten ibilerak kontetan ditu pelikuleak. Gabik Gabi izan nahi dau: erraza dirudi, baina ez da. Gabi desbardin sentiduten da, bere bizitzako 8 urteetan gauzak argi esateak inoiz arazorik ekarri ez deutsan arren. Baina familia herri txiki batera joan eta Gabi pubertarora heltzen danean, gauzak aldatzen hasten dira.

Zinema Euskaraz-ek 2022an euskerara bikoiztuta pantaila handira eroan dauen zortzigarren estreinaldia da Gabi, 8 urtetik 13 urtera. Euskal ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzea eta ume, gazte eta familiei aisialdia euskeraz gozetako aukerak emotea dira programearen helburuak.

Hurrengo hileotan be aurrera egingo dau egitasmoak. Abenduaren 2an Yoko oporretan estreinauko dabe eta 2023ko hasierako hileetarako be bikoizketak preparetan dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu