Durangoko Azokeak 248 erakusmahai eta 930 nobedade dakarz

Bizkaie! 2022-11-24 13:58   Kulturea

Ohiko datuetara bueltau dirala nabarmendu dau Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak.

BeƱat Gaztelurrutia, azalpenak emoten (argazkiak: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiak goitik behera baldintzatu eban Durangoko Azokea 2020ko eta 2021ean, baina pixkanaka gauzak bere onera bueltetan hasi dira. 2022ko abenduaren 7tik 11ra egingo dan 57. edizinoak betiko formatua berreskuratuko dauela aurreratu eban Gerediaga Alkarteak, eta egitarauaren inguruko argibideak emoteko agerraldian, gaur, asmo hori baieztau dau Beñat Gaztelurrutia Azokako koordinatzaileak.

Formatua ez eze, datuak be pandemia aurrekoen antzekoak izango dira aurten. Landako Gunean 248 erakusmahai jarriko ditue argitaletxe, diskoetxe, banatzaile eta bestelako kulturgileek eta, aforoan murrizketarik ez danez egongo, jentez lepo ikusiko doguz barriro hango korridoreak.

Kulturzale horreetako asko labatik harako produktuen bila ibiliko dira posturik postu. Non aukeratu izango dabe, 930 nobedade dakarzalako aurtengo Azokeak, Gaztelurrutiaren arabera. Barritasunen artean dagoz 689 liburu, 141 produktu musikal eta 46 aldizkari, besteak beste.

Ganera, erakusmahaia ipinten dabenen artean be egongo dira nobedadeak: aurten 34 eragilek izango dabe euren txokoa lehenengo aldiz. Osterantzean, betiko argitaletxe handiak, artista ospetsuak eta Gabonetara begirako produktuak be ez dira faltako. Horreen artean egongo dira autoprodukzinoaren alde egin daben 15 proiektu eta Durangaldeko beste 19.

Pandemian erantzun ona izan ebanez, online dendeari eutsiko deutse 59. edizino honetan. Dana dala, Landako Gunetik osteratxua eginda, idazle eta musikariakaz berba egiteko, sinadurak eskatzeko eta aspaldiko ezagunak topetako ohiturea berreskuratu ahal izango dau publikoak. Euskal kulturea bor-bor izango dogu edizino honetan, ziurtatu dau Gaztelurrutiak.

Ikasle Goiza egingo dabe lehenengo egunean, abenduaren 7an. Hilaren 11ra arte, ateak zabal-zabalik izango ditu Landako Guneak, baina ez da ahaztu behar gune ugariren baturea dala Durangoko Azokea: Ahotsenea, Saguganbara, Kabi@, Irudienea...

Danetara, 250 bat kultur ekitaldiko egitaraua atondu dabe gune guztietan: liburu aurkezpenak, zuzeneko musikea, proiekzinoak, mahai-inguruak, arte eszenikoak, umeentzako ikuskizunak eta beste asko. Webgunearen eta Azoka Telebistearen bidez egin ahal izango da guzti-guztiaren jarraipena. Azpimarratzekoa da Azoka TB-ko lantalde handiak Azokan jazoten dana erakusteko egingo dauen ahalegina, adierazo dau Gaztelurrutiak.

Mundu digitalaren inguruko aurkezpenak abenduaren 7an eta 9an egingo ditue, Kabi@-n. Ikasle Goizean, hezkuntza komunidadeagaz lotutako zazpi egitasmo aurkeztuko dira, aurreratu dau gune horretako Diana Francok.

Zabalkunde lanen aurkezpenak, ostera, abenduaren 8an, 10ean eta 11n izango dira. Horrezaz gan, kultur arloko gai ugariren gaineko hausnarketarako tartea be izango da, azaldu dau Talaiako arduradunak, Izaskun Ellakuriagak.

Irudienea be ezinbesteko topaleku izango da, batez be ikus-entzunezkoen zaleentzat. Azokea martxan dagoan bitartean, 24 film luze, 15 labur, webserie bat eta podcast bat aurkeztuko ditue. Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukerea emongo dabela dino gune horretako arduradun Johana Olabarriak.

Ahotsenearen inguruko zertzeladak be emon ditue aurkezpenean, publiko gehien erakarten daben guneetako bat dan ezkero. Horko koordinatzaile Miren Narbaizak azaldu dauenez, aurten urte berezia izango da Ahotsenearentzat, sorreratik 15 urte beteko diralako. Betiko lez, idazleek euren obrak aurkeztuko ditue bertan eta musikariek zuzeneko kontzertu laburrak joko ditue. Azokara hurreratzeko deia egin dau Narbaizak, letren eta doinuen magalera.

Azkenik, Saguganbarak eta Szenatokiak euren zereginari eutsiko deutse: lehenengoan, familientzako eta umeentzako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak atonduko ditue. Szenatokia arte eszenikoen gunea izango da, aurten 29 saioko egitarauagaz. Abenduaren 8tik 11ra hamabi talde pasauko dira oholtzatik, hiru talde egunero, bakotxak bi edo hiru saio.

Hasierako egunean Ikasle Goiza egiteaz gan, aurrerago be gazteak izango ditue gogoan. Transmisinoa indartu eta jagokon pisua emoteko asmoz, abenduaren 9a Gazte Eztanda Eguna izango da.

Azokako arduradunak, beraz, gogotsu dagoz kulturgileei eta zaleei harrerea egiteko. Zorionez, ohiko formatura bueltauko gara eta bost egunez Durango kulturearen plazea bihurtuko da barriro, esan dau Beñat Gaztelurrutiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu