Rakel Mateo bosgarren izan da Munduko Triatloi Txapelketan

Bizkaie! 2022-11-24 12:49   Kirola

Abu Dhabin jokatu dira modalidade paralinpikoko lehiaketak.

Rakel Mateo, Abu Dhabiko txapelketan | Ikusi handiago | Argazki originala

Lasterketea amaitzea izan da Rakel Mateo kirolari bizkaitarraren helburu nagusia Arabiar Emirerri Batuetan, Abu Dhabiko Munduko Txapelketan, baina hori baino gehiago egin dau: bere modalidadean aurre-aurrean ibili da eta bosgarren amaitu dau, ordubete, 37 minutu eta 9 segunduko denporea eginda.

Triatloi paralinpikoan, PTS2 mailan lehiatzen da mungiarra. Hau da, desgaitasun fisiko larria dabenak baina zutunik dabizanak batzen dituan kategorian. Orain dala pare bat urtetik ezkerreko hankea falta dau Mateok, istripu baten erruz.

Ondo hasi dau probearen lehenengo zatia, uger egitearena. Hirugarren heldu da amaierara, 13:24 minutuko denporeagaz. Transizinoan denporea galdu eta laugarren lekuan ekin deutso bigarren zatiari, bizikleteari (40:34). Postu horretan hasi dau azken partea, arineketan egitekoa, eta azken partzial hori 37:31n amaituta, bosgarren lekuagaz konformau behar izan dau (danetara 1.37:09).

Lasterketea amaitu eta munduko sailkapenean puntuak batzeko helburua bete dau, beraz, Rakel Mateok. Zerrenda horretako goialdean egotea beharrezkoa da, 2024ko Parisko Joko Paralinpikoetan parte hartu ahal izateko. PTS2 kategorian seigarren lekuan dago orain Mungiako triatloilaria.

Oso pozik nago helburua amaitzea eta puntuak lortzea zalako, esan deutso Mateok Basque Team-eko lantaldeari. Uger egiteko eta bizikletan ibilteko tarteetan oso ondo sentidu naz, baina oinezko lasterketea oso gogorra egin jat. Normala da, urrira arte ezin izan izan dot zati hau prestau. Gogoan izan behar da garagarrilean ebakuntzea egin eutsela hankan eta zauria ez jakola guztiz osatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu