Zinemaldiaren 70 urteak gogoratu ditu Katixa Agirrek
2022-11-22 12:12 ZinemeaPantaila handiko izarrak dira protagonista Zinema festa bat da liburuan.
Aurten egin dau 70. edizinoa Donostiako Zinemaldiak eta, zenbaki biribil hori gogoan, ekitaldi berezi ugari atontzen dabiz hileotan, esate baterako, Zinemaldia 70 zikloa, festibalaren historian aurkeztu diran film enblematikoen berrikuspena. Ziklo horren ekimenez dator, hain zuzen, Katixa Agirrek idatzitako Zinema festa bat da. Enkontru ezinezko bat Zinemaldiaren 70. urteurrenean liburua.
Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak argitaratu dabe Agirreren liburua, euskeraz, 70 urteko historia modu literarioan gogoratzeko. Urteurreneko fikzinozko jai bat kontetan dau Agirrek, bertan batu dira Donostia Saria irabazi daben eta gaur egun hilda dagozan artista guztiak.
Hortaz, Donostiako alfonbra gorria zapaldu daben aktore eta zuzendari mitiko ugari ezagutuko doguz kontakizunean: Lauren Bacall inoiz baino eleganteagoa agertuko da, Gregory Peckek lanak izango ditu egoerea ulertzen, Max von Sydow jantzan egiten etorri da, Agnès Varda dokumental bat egiten ahaleginduko da eta, zelan ez, Bette Davisek anfitrioi lanak egingo ditu, azaldu dau egileak. Sorpresaz, ika-mikaz eta mozkorraldiz betetako gaua izango da.
Literaktum jaialdiaren barruan aurkeztuko dabe Zinema festa bat da, bihar, eguaztena, Tabakaleran (18:00). Dobako jarduerea izango da, baina aurretik erreserbea egin behar da. Katixa Agirre autoreagaz batera, aurkezpenean izango da Ruth Perez de Anuzita, Tabakalerako komunikazino arduraduna.
Nosferatu bildumako 10. zenbakia da Zinema festa bat da. Azala eta kontrazala Irantzu Piquerok egin ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!