Neguan Everesteko Beheko Kanpalekura heldu gura dabe Alex Txikonek eta Javier Lopezek
2022-11-22 09:51 KirolaAbenduan joango dira Nepal aldera.
Barriro be neguan joango da Alex Txikon alpinista lemoarra munduko mendirik altuenetara, zortzimilakoetara. Azkenaldion ohikoa dauen lez, kirola eta erronka sozialak buztartuko ditu oraingoan be, Javier Lopez Pagazaurtunduagaz joango dalako Everesteko Beheko Kanpalekura. Zallakoa da Lopez eta garun paralisia dau.
Hortaz, tontorra zapaltzea ez da izango helburua, Everesteko Beheko Kanpalekura heltzea baino, 5.364 metroko altueran. Asmoa da abenduaren 8an etxetik urtetea, Nepalerutz, eta 10ean hastea espedizinoa. Dana ondo badoa, Behe Kanpalekura heldu eta abenduaren 23an etxera bueltan egon nahi dabe. Hori bai, kontuan izan behar da neguko espedizinoa dala eta horrek zeharo baldintzatuko dituala planak.
Urbegi Fundazinoak bagilean egindako ekitaldi batean ezagutu eben alkar Alex Txikonek eta Javier Lopezek. Lagun handiak dira orain, eta proiektu honen bidez norbere mugak gainditzen ahalegintzearen eta egoera zaurgarrian dagozan personei laguntzearen aldeko mezua zabaldu nahi dabe.
Txikonen laguntzinoa ezinestekoa izango dau Javier Lopezek, edonorentzat erronka gogorra dalako abenduan Everesteko Beheko Kanpalekura heltzea, eta gehiago garun paralisia izanda. Baina Lopezek badaki kontrako egoerei aurre egiten, persona zaurgarrien laneratzean eredu dalako. Horregaitik saritu eban Urbegik bagilean.
Alpinista lemoarra gogotsu dago Himalaiara bueltetako, esperientzia barria probetako prest. Javik garun paralisia dau, baina ziur nago nik gehiago ikasiko dodala haregandik berak nigandik baino. Eta barre pilo bat egingo dogu!, adierazo dau Zallan egindako agerraldian.
Urbegi Fundazinoak babestuko dau espedizinoa. Irabazi asmo bako alkarte horrek enplegua topetan laguntzen deutse urritasunak edo laneratzeko arazoak dituenei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!