Bilboko Berreginen Museoa 'filmazino-set' bihurtuko da hilaren 26an

Bizkaie! 2022-11-21 11:23   Zinemea

Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen Jaialdiaren barruko jarduerea da.

Bilboko Zinema Sorkuntza Eskolako kideak Arte Berreginen Museoan izango dira zapatuan, hilak 26, Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen Jaialdiaren hurrengo jardueran. Museoko aretoak pelikulak egiteko filmazino-set bihurtuko ditue, bisitariak filmak egiteko prozesuaren parte sentidu daitezan.

Jarduera honetan parte hartzen dabenak figurante izango dira grabazinoan. Lantalde teknikoa eta aktore bi (emakumezko eta gizonezko bana) egongo dira bisitariakaz batera, baita Amara Mosteiro zuzendaria be. Pelikula bat zelan egiten dan barru-barrutik ezagutzeko aukerea izango da, beraz.

Asmoa sekuentzia oso bat filmetea izango da. Nahi daben parte-hartzaileei egindako lanaren grabazinoa bialduko deutse. Aktore izan nahi ez dabenek publikotik ikusi ahal izango dabe guztia.

Ahalik eta jente gehienak parte hartu deian, lau txandatan egingo dabe zapatuko jarduerea: 10:45ean, 12:45ean, 16:45ean eta 18:45ean. Bigarren txandea (12:45ekoa) euskeraz izango da eta ganerakoak, gaztelaniaz. Parte hartzeko erreserbea egin behar da, 94 679 02 55 zenbakian edo Berreginen Museoaren webgunean.

Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen Jaialdia 2022ko irailetik 2023ko bagilera bitartean dago martxan. Bizkaiko Foru Aldundiaren jaubetzako museo eta espazioetan egiten ditue jarduerak: Balmasedako La Encartada fabrika-museoan, Muskizko El Pobal burdinolan, Bakioko Txakolingunean, Gernikako Euskal Herria Museoan, Bilboko Arkeologi Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Muskizko Muñatones Gazteluan.

Aurtengo programazinoan, lau gune gehiago sartu ditue, eta horreetako bat da Bilboko Arte Berreginen Museoa. Beste hirurak Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategia, Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea eta Kortezubiko Santimamiñe kobazuloa dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu