XXI. Zinexit-ek Giza eskubideei buruz hausnartzeko konbita egiten deusku
2022-11-21 07:50 ZinemeaZemendiaren 21etik 25era dira hitzorduak.
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren Zuzendaritzearen bitartez sustatutako Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia, Bilbora bueltauko da aurten be, erreferentziazko lan zinematografikoak ardatz hartuta oinarrizko eskubideei buruzko gogoeta egin daigun, zineforum klasikoen eskemeari jarraituz: Film baten proiekzinoa eta, ondoren, bertaratutako ikus-entzule guztiei edegitako barriketaldia. Ekimenaren hamabigarren edizinoa da eta zazpigarren artea maite dabenentzako programazino interesgarria dakar, nazinoarteko zinema barrienaren lau titulugaz eta Hollywoodeko klasiko bategaz.
Hitzorduak Bilboko Azkuna Zentroan izango dira, 19:30ean hasiko dira eta beti bezela sartzea librea eta dobakoa izango da leku guztiak bete arte. Sarrerak txarteldegian egongo dira eskuragarri proiekzino bakotza hasi baino ordubete lehenago. Aurtengo egitaraura batutako filmen erakargarritasunaz gan, Zinexit-ek proiekzino bakotxaren ondorengo barriketaldietara konbidautako personen balio erantsia dau.
Lehenengo lankidetzea Athletic Club Fundazinoagaz bat
Erakustaldia astelehenean, hilak 21, edegiko da, 2021ean Ali El Arabi egiptoarrak zuzendutako Captains of Zaatari dokumentalagaz. Jordanian errefuxiauta dagozan gazte siriar bik, euren bizitzaren errealidade larriari aurre egiten deutsen bitartean, futbolari profesional bihurtzeko daben amesa islatzen dau filmak. Dokumental horren proiekzinoa Zinexit-en eta urtero baloiaren kirola ardatz, zinema-jaialdi bat atontzen dauen Athletic Club Fundazinoaren arteko lehenengo lankidetzea da. Galder Reguera idazle eta talde zuri-gorriaren Fundazinoko proiektu-arduradunak parte hartuko dau barriketaldian, Iñaki Alonso laguntza humanitarioan eta umeen eskubideetan adituagaz batera.
Erakustaldiaren bigarren egunean, 2021ean filmautako eta Hurreko Ekialdean girotutako dokumentalaren proiekzinoa eskainiko deuskue, The devil’s drivers. Mohammed Abugethek eta Daniel Carsentyk zuzenduta, Qatar, Frantzia, Libano eta Alemania arteko koprodukzinoa da eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Tesalonicako Jaialdiaren azken edizinoan. Israelgo mugako harresian zehar langileak ezkutuan igarotearen arazoan oinarritzen da eta 70eko hamarkadako thriller klasikoen estiloan dago filmauta. Amaitzean, barriketaldian, Jesus Nuñez, Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Ikasketa Institutuko (IECAH) zuzendarikidea, izango da.
El Comensal Gabriela Ybarraren izen bereko eleberriaren zinemarako egokitzapena da. Haren aitona ETAk hil zuen 1977an; filmaren ondorengo solasaldian Ángeles González-Sinde zuzendaria egongo da.
Tu me ressemble, Dina Amer zuzendari egiptoar-estatubatuarraren lehenengo filma da. Spike Leeren edo Spike Jonzeren babesa izan du, besteak beste, Frantziako emakume arabiar baten erradikalizazio prozesua erakusteko.
Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia Otto Premingerren Anatomy of a murder klasikoagaz zarratuko da. Benetako jazoeretan oinarritutako filma 1959. urtekoa da, sasoi haretan tabua zen sexu-indarkeriaren gaia jorratzen dau eta ez dau inoiz argitzen ustezko bortxatzaile baten hiltzaileak eta haren emazteak engainetan gaituen ala egia esaten deuskuen, justiziak egiaren eta guzurraren aurrean dauen eraginkortasunari buruzko dudak azalduz.
Ikasleei eta nerabeei zuzendutako ekimenak
Zinexit-ek lehen hezkuntzako ikastetxeetara eroan gura ditu giza eskubideei buruzko gogoetak, zinemearen bitartez, Zinexit Eskolea programagaz. Programa horretan, material didaktiko espezifikoa banatuko da eta 6 eta 10 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagorentzako proiekzinoa egingo da. Edizino honetan, animazinoko film italiar bat izango da, Trash, kalean abandonautako kaja, botila eta latek biziraupenerako daroen burrukea kontetan dauen filma.
Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta, erakustaldiak lankidetza-ekimena dau Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaien Saileko Bosa! programeagaz. Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazinoaren kontrako IrudiBerria Alkartearen ekimen hori Bizkaiko uriburuko DBHko ikastetxeei dago zuzenduta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!