VII. Zinetika Jaialdiak Iruñean hasiko dau bidea

Bizkaie! 2022-11-16 08:29   Zinemea

Laida Aldazen In perspective performancea dago egitarauan.

Javier Manzanos, Laida Aldaz eta Mikel Belascoain, Kondestable Jauregiko aurkezpenean (argazkia: Zinetika) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zemendiaren 18tik abenduaren 4ra egingo dabe VII. Zinetika, jantzearen, ikus-entzunezko lengoaiaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko loturea aztertzen dituan jaialdia. Hiru uritan izango ditu egoitzak, Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta lehenengo geldialdia Nafarroako uriburukoa da, hil honen 20ra arte.

Kondestablearen Jauregian aurkeztu dabe Zinetikak Iruñera eroango dauen programazino zabala. Agerraldian izan da jaialdiaren zuzendari artistikoa, Laida Aldaz. Haregaz batera, Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikari Javier Manzanos eta Luna Negra filmaren zuzendari Mikel Belascoain.

Zinetikaren egitarauan 13 film dagozan arren, bestelako jarduera osogarriak be aitatzekoak dira, diziplina ugariren arteko loturak jorratzeko eta proposamen esperimental eta barritzaileak ezagutzeko modua emongo deutselako publikoari.

Horreen artean nabarmentzekoa da Laida Aldazen In perspective, jantzearen, arkitekturearen eta musikearen arteko topaketan oinarritutako performance multidiziplinarra. Zapatuan, hilak 19, ikusi ahal izango da, Kondestablearen Jauregian (19:00).

Bestetik, Napar-en lankidetzea izango dau aurtengo masterclass saioak. Marina Lameiro zinemagile nafarrak gidatuko dau, La cámara como extensión del cuerpo izenburupean.

Egitarauko 13 pelikulak hiru ataletan banatuko ditue: Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks. Bost film labur dagoz Sail Ofizialean, hau da, Work It Class! (Pol Digler), Walks With Me (Kati Kallio), Fibonacci (Tomáš Hubáček), Breakadventure (Igor Krasik) eta Au mur de la mer (Shawn Fitzgerald Ahern).

Zemendiaren 18tik 20ra Iruñean jarduera eta proiekzino ugari egin eta gero, Donostiara joango da VII. Zinetika, 26tik 28ra, Arkitektura Institutura eta Trueba Zinemara hain zuzen. Azkenik, Bilboko Guggenheim Museoaren txandea izango da, abenduaren 3an eta 4an.

Arte-trukerako plataformea, halantxe aurkezten dabe Zinetika. Nazinoartean hainbat diziplinatako erakundeen eta artisten arteko loturak ezarteko aukerea emoten dau, trukea aberastuz. El Trastero Creativok antolatzen dau jaialdia, beste eragile ugarigaz lankidetzan, eta egoitzak hartzen dituen hiru uriak senidetzeko bitartekoa be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu