XVI. Laboral Kutxa Punta Galea Challenge surf txapelketeak gaur, zemendiak 15, edegiko dau itxaronaldia
2022-11-15 07:55 KirolaGetxoko hitzorduan 20.500 € dagoz surflarien artean emoteko.
Laboral Kutxa Punta Galea Challenge olatu handien surf-txapelketearen XVI. edizinoak, gaur, zemendiak 15, edegiko dau itxaronaldia. Era horretan, martiaren 31ra bitarteko epea izango da baldintza meteorologiko egokiak deskubriduteko nazinoarteko proba hau Galeako itsaslabarren aurrean egin ahal izateko. Atontzaileek zehatz-mehatz aztertuko ditue Kantauri itsasora hurreratzen dan depresino meteorologiko bakotxa, olaturik onenak eta haizerik egokienak aukeratzeko.
Aurreko edizinoan bezela, probeak 20.500 € emongo ditu saritan, eta Getxora munduko surflari onenetako asko ekarriko ditu, horreen artean, emakumezkoak.
Amaia Agirre Getxoko alkateak gogorarazo dauenez, txapelketa modalidadeko beteranoena da Europako kontinente osoan. Horrek erakusten dau surfa oso sustraituta dagoala Getxon eta itsasoko kirolek beren dimensino guztietan gure udalerrian daben indarra be azaltzen dau: Kirola, gizartea, kulturea eta ekonomia be bai. Testuinguru horretan, Surf Herrien Sareak martxan jarri barri dauen ekimenak Europako Funtsen diru-laguntzea dau eta gure udalerria bertako kide da Kantauriko beste 5 herrigaz batera. Era berean, hor daukagu Getxo Itsas Hub izenekoa, garapen ekonomikoaren eta ongizatearen iturri lez itsasoko kirolak eta irristatzekoak sustatzerako orduan Udalaren eta erakundeen arteko gure apustu estrategikoa ondo islatzen dauen zentroa. Surfak eta Laboral Kutxa Punta Galea Challengek, horren lehiakortasunaren adierazle nagusi lez, sano lagundu deuskue nazinoartean erreferente bilakatzen. Hori guztia dala-eta, aurkezpen honen bitartez, eskertu nahi neuke Getxo Surf klubak eta eragile, babesle eta erakunde guztiek egindako lana, era batera edo bestera urte asko baitaroez kirol hau sustatzen.
Bestalde, Laboral Kutxako babesletza eta gizarte-ekintzako lurralde-arduraduna dan Jose Ramon Tarancok, alde batetik, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu dau eta, bestetik, bere erakundeak ingurumenarekin dauen konpromisoa: Danok jarri behar dogu gure aldetik, CO2 isuriak gero eta
txikiagoak izan daitezan eta itsasoan kirola egiten jarraitu daigun. Niri gustauko litxakit 2100ean olatu handiak hemen jarraitzea, esan dau.
Proban parte hartzeko itxaron-zerrendak
Gora egiten dau urtetik urtera, baina berriro 24 surflarik parte hartu ahal izango dabe. Aurreko hautaketan, atontzaileek honako surflari famatu honeen interesa izan dabe: Lucas Chianca brasildarra, Alex Botelho portugaldarra, Nic Lamb estadubatuarra, Grant Twiggy Baker hegoafrikarra (hirutan munduko txapelduna) eta Justine Dupont frantsesa, lesinoa dala-eta igaz parte hartzerik izan ez ebana. Zerrendea osotzeko, bertoko 12 surflari izango dira, baina horren behin betiko zerrendea laster emongo dabe ezagutzera; batzorde atontzaileak eta surflarien kolektiboak berak hautatuko ditue. Horreetako bat, Getxo Surf Taldeko Endika Ruiz, prentsaurrekoan izan da txapelketan parte hartuko dauela baieztatzeko: Egia bihurtutako amesa da. Galeakoa beti asko gustau izan jatan olatua izan da niretzat. Eta olatu handietako nazinoarteko surflari onenakaz parte hartu ahal izateko aukerea emon izana amesa da niretzat.
Getxo Udalak autobus-zerbitzua eskainiko dau
Txapelketearen egunean, Getxoko Udalak autobus-zerbitzua eskainiko dau beste behin doban, herritarrak Bidezabalgo metro-geltokitik Galearaino eroateko. Galeara hurreratu ezin diran persona guztiek zuzenean jarraitu ahal izango dabe kirol ekitaldi hau streaming bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!