Tania Calvo Basque Teameko txirrindulariak zidarrezko dominea irabazi dau
2022-11-14 11:00 KirolaPalmako Illes Balears Velodromoan, scratch proban bigarren amaitu ondoren.
Mallorcako publikoak ondo ezagutzen dau Tania, arabarrak bere kirol ibilbidearen zati bat baleareetan igaro baitau. Gasteiztarrak orain pare bat urte etxera bueltetea erabagi, abiadurea bztertu eta iraupen-probetan espezializau zan.
Taniak hamaikagarren postua eskuratu eban scratchean eta zazpigarren postua kanporaketa proban aurtengo Munduko Txapelketetan. Mallorcan lasterketa motela aprobetxau dau azken bost itzulietan Katie Archibalden erruberea hartzeko eta bigarren izateko scratchean. Gogoratu behar da Katie Archibald urrezko dominadun olinpikoa izan dala birritan eta lau aldiz Munduko txapelduna. Igaz UCI Track Champions League-n zortzi ekitaldietatik sei irabazi zituan, baita kanporaketako lau lasterketak be.
Uste dot leku egokian egon nazela momentu egokian eta horrek bigarren egiteko aukerea emon deust. Penagarria izan da, irabaztea hur ikusi eta aldi berean hain urrun ikustea baina oso pozik nago bigarren postuagaz. Kokapena nahikoa kostetan jatan alde teknikoa da eta alde horretatik oso pozik nago. Hurrengo hitzordurako finago joatea espero dot, indarrak gastau behar ditudan tokian gastetea, azken esprintera energia gehiagogaz heltzeko. Baina oso pozik nago, egindakoagaz esan deutso Tania Calvok Eurosporti probea amaitu ondoren.
Kanporatze lasterketan Archibald izan da txapelketatik kanpo geratu dan lehen txirrindularia. Tania bikain ibili da eta bederatzigarren amaitu dau. Iraupeneko proben sailkapen nagusian Jennifer Valente estadubatuarra dago buru, 32 puntugaz. Tania bigarren da 24 puntugaz, Anita Yvonne Stenberg norvegiarragaz, Lily Willimas iparramerikarragaz eta Sara Van Dam kanadarragaz bardinduta.
Track Champions Leagueko lehen denporaldia 2021ean jokatu zan, UCIgaz alkarlanean, txirrindularitza-egutegiaren barruan pistako txirrindularitzearen posizinoa indartzeko erreforma lez. Horrek, errepideko txirrindularitzeagaz gainjarten ez dan egutegian pistako txirrindularitzeari leku egokia emoteaz gan, zaletuen parte-hartzea handitzeko aukerea emoten dau, lasterketa egutegi erregular eta uniforme bat sortuz.
Lehiaketa honek diziplina bakotxerako sailkapen bat barrubatzen dau (gizonezkoena eta emakumezkoena), lasterkariei txanda bakotxeko errendimenduaren arabera emoten jakezan puntuen arabera zehaztuta.
Txapeldunen Liga honetan Tania Calvok datorren zapatuan izango dau hurrengo hitzordua Berlinen; hurrengoa St. Quentin En Yvelines-en (Frantzia) zemendiaren 26an eta azkenik, hitzordu bikotxa izango dau Lee Valleyko belodromoan (Londres), abenduaren 2an eta 3an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!