Zidarra Iker Sastrerentzat mahai-tenis egokituko Munduko Txapelketan
2022-11-09 11:17 KirolaBikoteka jokatu dau, Miguel Ángel Toledogaz.
Emoitza historikoa eskuratu dabe Basque Teameko kirolari Iker Sastre bilbotarrak eta haren kide Miguel Ángel Toledo madrildarrak, mahai-tenis egokituko Munduko Txapelketan, Granadan. MD4 kategorian (errubera-aulkiena) bigarren lekuan amaitu eta zidarrezko dominea jantzi dabe, Espainiako talde batek sekula lortu ez dabena.
Sastre-Toledo bikoteak azken urteotan izan dauen bilakaeran beste pausu bat da Munduko Txapelketako zidarra. 2015ean eta 2019an, brontzea eskuratu eben Europako Txapelketan eta, 2021ean, Tokioko Joko Paralinpiarretan, diplomea. Munduko Txapelketan, ostera, 2017ko bosgarren lekua zan euren posturik onena. Gorka Fernandez da euren entrenatzailea.
Finalerdietan Rafal Czuper eta Tomasz Jakimczuk poloniarrei irabazi eta gero, MD4 kategoriako finalean Cheol Park eta Soo Yong Cha hegokorearren kontra jokatu dabe Sastrek eta Toledok. Kontrarioak txapeldunorde paralinpikoak diran arren, aurrea hartu dabe euskaldunak eta madrildarrak, set bi irabazi eta bat galduta, baina azken bietan hegokorearrak izan dira hobeak (3-2) eta urrea eroan dabe.
Zidar gozoa eta garratza da aldi berean, Iker Sastrek Basque Teami adierazo deutsanez: Munduko txapeldun izatetik oso hur egon garelako, inoz imajinau ez dodan titulutik hain hur. Baina ez neban uste zidarra irabaziko genduanik, eta oso pozik nago horregaitik.
Iker Sastrek Granadako Munduko Txapelketan egiten dabilen lana ez da amaitu, orain banakako lehiaketea geratzen jako. Gaur, eguaztena, hasiko da jokatzen. Basque Teamen bikaintasun proiektuan dabizan Ander Cepas eta Iker Gonzalez be banakakoan izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!