VII. Zinetika Jaialdiak 13 film dakarz
2022-11-08 12:36 ZinemeaZemendiaren 18tik abenduaren 4ra, Iruñean, Donostian eta Bilbon.
Hiru egoitza nagusi izango ditu VII. Zinetika Jaialdiak, hau da, Iruñea, Donostia eta Bilbo; baita hiru atal be: Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks. Mundu osotik heldutako 1.180 pelikularen artean, 13 aukeratu ditue aurtengo edizinoko proiekzinoetan erakusteko, zemendiaren 18tik abenduaren 4ra.
Pelikulek hainbat alderdi jorratzen ditue: denporearen joana, giza hartu-emonak, migrazinoa, zentzumenak, esperimentazinoa, gizarte-konbentzioak, askatasuna, identidadea edo memoria. Finlandia, Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia, Belgika, Grezia, Iran, Mexiko, Argentina eta Espainiako lanak dagoz aurtengo Zinetikan.
Jantzearen, ikus-entzunezko lengoaiaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko loturea aztertzea da Zinetika Jaialdiaren asmoa eta funtsa. Horretarako, zinemagintzea beste diziplina artistiko ugarigaz buztartzen dau, hainbat esperientzia barri sorrarazoteko. Esate baterako, Laida Aldazek zuzendutako In perspective dakar aurtengo edizinoak, jantzearen, arkitekturearen eta musikearen arteko topaketan oinarritutako performancea.
Donostiako egoitzan Decoding Dance izeneko lantegia be egingo dabe, Muriel Romerok, Pablo Palaciok eta Daniel Bisigek (Stocos Institutua) gidatua, jantzearen arte-trebetasunak eta arte digitaletakoak buztartzea helburu.
Zinemeari jagokonez, Sail Ofizialean bost film labur lehiatuko dira: Work It Class! (Pol Digler), Walks With Me (Kati Kallio), Fibonacci (Tomáš Hubáček), Breakadventure (Igor Krasik) eta Au mur de la mer (Shawn Fitzgerald Ahern).
Zinetiks atalerako, ostera, Miguel Goñik eta Mikel Belascoainek zuzendutako Luna negra aukeratu dabe. Open Screen sailean, azkenik, ganerako zazpi pelikulak ikusi ahal izango doguz. Azken honeen artean dago Olatz Larunberen Uholdeak.
VII. Zinetikan sari bi emongo ditue: Film Onena (500 euro) eta Zuzendari Onena (500 euro). Epaimahaian Maitena Muruzabal, Mikel Belascoain eta Marina Lameiro dagoz.
Hiru egoitza ditu jaialdiak, baina egun diferenteetan egingo dira proiekzinoak eta jarduerak horreetako bakotxean. Lehenengo, Iruñeko Kondestable Jauregira helduko da Zinetika, hil honen 18tik 20ra. Ondoren, 26tik 28ra, Donostiako Arkitektura Institutuan eta Trueba Zineman egingo ditue jarduerak. Azkenik, Bilboko Guggenheim Museoaren txandea izango da, abenduaren 3an eta 4an.
Arte-trukerako plataformea, halantxe aurkezten dabe Zinetika. Nazinoartean hainbat diziplinatako erakundeen eta artisten arteko loturak ezarteko aukerea emoten dau, trukea aberastuz. El Trastero Creativok antolatzen dau jaialdia, beste eragile ugarigaz lankidetzan, eta egoitzak hartzen dituen hiru uriak senidetzeko bitartekoa be bada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!