'Irati', 33. Bildurrezko Zinemearen Asteko Publikoaren Saria

Bizkaie! 2022-11-07 09:27   Zinemea

Film laburrik onenaren Epaimahaiaren Saria Alegrías riojanas-ek irabazi dau.

'Irati' filmaren zuzendari Paul Urkijo eta Bildurrezko Zinemearen Asteko arduradun Josemi Beltran (argazkia: Paul Urkijo) | Ikusi handiago | Argazki originala

Amaitu da Donostiako 33. Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astea, eta sariak be emon ditue. Paul Urkijok zuzendutako Irati agiri da Publikoaren Sarien zerrendearen goialdean, ikus-entzuleen gogokoena izan dalako.

Film luzeen atalean irabazi dau Irati-k; laburrei jagokenez, Brian Quinterok zuzendutako Oldtimers lan kanadarrak eroan dau Publikoaren Saria. Animazinozko film laburrik onena Joachim Hérissé frantziarraren Écorchée izan da eta Espainiako film laburrik onena, Carlos Moriana eta Raúl Cerezoren El semblante.

Epaimahaiak be sariak emoten ditu jaialdiko film laburren artean. Sari nagusia Velasco Broca zuzendariak irabazi dau, Alegrías riojanas lanari esker. Kostunbrismo kriptikoko lan bat, Mélièsetik Buñuelera doazan erreferentziak gainditzen dituana, probokazinozko proposamen lasaigarri baizen bizigarriez jositako kontakizuna da, epaimahaiaren arabera.

Europako film laburrik onenari emoten jakon Zidarrezko Méliès Saria Erresuma Batura joan da oraingoan: Elisabeth Hobbsek zuzendutako The Debutante. Epaimahaiak saria emon deutso historiaren dinamismo hipnotiko eta erakargarriagaitik, animazino teknika ugaritan islatua, besteak beste pinturetan, akuareletan, marrazkietan, ebakinetan eta errotoskopian.

Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astearen 33. edizino honetan, hiru epaimahaikide egon dira: Leire Apellaniz, Javier Parra eta Aida Solé.

Blogos de Oro kritikearen sariaren epaimahaian, ostera, Manuel Aguilar, Jon Paul Arroyo, Amaia Egüés, Paula García-Arenzana eta Mikel Peña egon dira. Alberto Vázquezen Unicorn Wars helduentzako marrazki bizidunetako filma izan da atal horretako irabazlea. Euskal produkzinodun lan horrek sari ugari irabazi ditu azkenaldion, gerrearen kontra egiten dauen aldarri gordinagaitik.

Jaialdiaren aurtengo beste saritu bat izan da Pablo Polledriren Loop (Syfy Saria) eta fanzinerik onenari emoten jakon Fnac Saria Spooky Magazine argitalpenak eskuratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu