Izarok Zinebin aurkeztuko dau zuzendari lanetan egindako lehenengo lana

Bizkaie! 2022-11-03 12:36   Zinemea

Izaro: Limoiari eztia/Reivindicar la ternura da dokumentalaren izenburua.

Bilboko Udalak atondutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Izaro Andrés konpositoreak eta Ander Merinok zuzendutako Izaro: Limoiari eztia / Reivindicar la ternura dokumentalaren estreinaldia hartuko dau. Saioa BBK Aretoan izango da, zemendiaren 14an, astelehenean, arratsaldeko 18:00retan eta bertan izango da Mallabiko abeslaria, filmeko protagonistea be badana.

Merina Grisen zuzeneko musikea eta Ghau proiektua Jaialdiaren inaugurazino eta amaiera ekitaldietan izango dira, hilaren 11n eta 18an, Arriaga Antzokian. Velasco Broca zinemagileak, Carlo Padial umorista grafikoak, Zabala musikari eta produktoreak, Juan Pablo Ordúñez-Mawatres artisteak eta Igor Rezola zinemagileak be euren lan barriak zuzenean aurkeztuko ditue Zinebin.

Filmak Zinebiren 64. edizinoko Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi sailean hartuko dabe parte, hilaren 11tik 18ra bitartean. Danetara, sail honetan, 116 film labur, lau metraje ertain eta 28 film luze emongo dira.

Proiekzinoez gan, musikeak berebiziko garrantzia izango dauen bestelako proposamen eszeniko batzuk be izango dira jaialdian, guztiak Zinebiren saio berezien barruan.

Igor Rezola Iztueta eta Juan Pablo Orduñez/MawatreS zuzendarien Ez bultza egin! izeneko proiektua zemendiaren 12an, zapatuan, 20:00etan, aurkeztuko da, Bilborock-en eta sartzea doban izango da. Bertan, zinemea, musikea eta artea buztartzen dira, La haine (Mathieu Kassovitz, 1995) film frantsesa ardatz hartuta, Estaduan El odio izenburupean estreinau zana eta Vincent Cassel, Hubert Koundé eta Saïd Taghmaoui protagonista dituana.

Ez bultza egin! proiektuak filmearen barrikuspen, berrirakurketa eta berrinterpretazino kolektiboa egitea proponiduten dau, produkzino kultural eta artistiko garaikidean oinarrituta. Horretarako, Sevillako Los Voluble bikote esperimentala (Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía edo Sónar jaialdian ikusi barri diranak) izango dau partaide, baita beste artista eta talde batzuk be, besteak beste, MCeta hip hop produktore Dano, Beñat Krolem, Maria Muriedas + Iñaki Billelabeitia, Adrian Romero edota Miguel Espiga + Raúl Jiménez.

Zemendiaren 17an, eguenean, 21:00etan Bilborock Aretoak Martian Civilization A/V show musika elektronikoan eta ikusizko doinuetan oinarritutako dobako ikuskizuna hartuko dau, Zabala bilbotar musikari eta produktorearen eskutik.

Bestalde, Jon Aguirrezabalagak (WAS) 2020an disko futurista bat kaleratu eban eta aurten Zinebik zuzeneko berezi bategaz agurtuko dau lan hori, Mikel Aguirrezabalagak sortutako ikusizko doinuakaz. Bertan, Rafa Zubiriak eta Asier Buenok egindako bideoklipen planoak eta horretarako sortutako material propioa tartekatuko ditu eta kontzeptu osoa planeta gorriko distopia futurista baten inguruan egituratuko da. Zabalaren saioren ondoren, Lorea Argarate DJaren saioagaz giroan ez da etenik izango.

Zuzeneko musikea

Zuzeneko musikea Zinebiren inaugurazio eta amaiera ekitaldietan be izango da, urtero legez, Arriaga Antzokian: Hilaren 11n, 19:30ean, Merina Gris euskal taldea izango da protagonista; aurten, Zerua orain izeneko bere lehen diskoa kaleratu dau taldeak.

Zinebiren inaugurazino galan eskainitako kontzertuaren ondoren, taldeak Bartzelonara, Madrilera, Rotterdamera edo Groningara, besteak beste, eroango dauen bireari ekingo deutso.

Bestalde, Ghau, Gartxot Unsainen proiektuak izango dau Zinebi zarratzeko ardurea (hilaren 18an, 19:30ean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu