Leopoldo Zugaza Gerediaga Alkarteko sortzailea hil da

Bizkaie! 2022-11-03 08:35   Kulturea

Kulturearen eta euskerearen aldeko proiektu ugari jarri zituan martxan.

Leopoldo Zugaza, 2015eko Sabino Arana Sarien ekitaldian (argazkia: Sabino Arana Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

XX. mendearen bigarren zatian euskal kulturearen bultzatzaile eta euskerearen babesle nagusietako bat izan zan Leopoldo Zugaza, eta gizartearen zein erakundeen errekonozimendua jaso eban horregaitik. 1932an Durangon jaioa, 90 urtegaz hil da Zugaza.

Durangaldeko kulturgintzako eragileetako bat izanik, Gerediaga Alkartea sortzeko batu zan taldeko kideetako bat izan zan Zugaza, 1965ean. Merinaldearen historia, ondarea eta kulturea ikertu eta zabaltzea izan dira Gerediagaren zereginak urteotan guztiotan.

Gerediaga bera sortu barri zala, Durangoko Azokea be atontzen hasi ziran Zugaza eta ganerako kideak, Andra Maria basilikako arkupean. Diktadura betean, sasoi ilunak ziran euskal kultura eta hizkuntzearentzat, baina Gerediagakoek aurre egin eutsen egoereari, apaltasunez baina erabagimen handiz.

Historiaren eta kulturearen transmisinoa bultzatzeko ekimen ugari sustatzen segidu eban hurrengo urteetan be. Ahalegin horri esker, Euskal Herriko museo ugari sortzen lagundu eban, esate baterako, Durangoko Arte eta Historia Museoa eta Zarauzko Photomuseum.

Ganera, arte plastikoen erakusketak eta euskal artea modernizetako ekimenetan be hartu eban parte, besteak beste, Bilboko Arte Eder Museoko Patronatuko kide eta Bizkaiko Aurrezki Kutxako kultura arduradun postuetan. Argitalpenen edizinoa be landu eban.

Argazkigintza eban zaletasun handietako bat, eta Zugazaren material bilduma zabala izan zan Photomuseumen hasierako oinarrietako bat. Photoespañak be errekonozimendua egin eutsan 2018an.

Jakintzearen alorreko erakunde ugaritako kide izan zan Leopoldo Zugaza, eta danetan itxi eban arrastoa. Eusko Ikaskuntzan luzaroan ibili zan eta Ohorezko Kide egin eben 2006an. Labayru Ikastegian (gaur egun fundazino bihurtua) historiaren eta etnografiaren alorretan lagundu eban eta Euskal Herriaren Adiskideen Alkartean be baebilen.

Halako ibilbidea izanik, azken urteotan sariak eta autortzak barra-barra heldu jakozan Zugazari. Durangoko Azokeak, 2015ean mende erdia bete ebanean, Argizaiola Saria emon eutsen sortzaileei, eta tartean zan Zugaza, jakina. Sabino Arana Saria (2015), Espainiako Arte Ederren Urrezko Dominea (2016) eta Gure Artea Saria (2020) be jaso zituan.

Euskal historiaren ikerketea, kulturgintzea eta artea suspertzen egindako lanagaitik, eragile, erakunde eta norbanako ugarik gomutau dabe Leopoldo Zugaza haren heriotzearen barri jakin dabenean. Euskereak be bizi indarra zor deutso, baina, bitxia bada be, Zugazak ez ekian euskeraz. Dana dala, hizkuntzearen zabalkunderako haziak erein zituan.

Hiletea hilaren 4an, barikuan, egingo dabe, Durangoko basilikan (19:00).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu